Garuneko hemisferio biak lantzeko udako koadernoak

Aikor aldizkaria 2018ko uzt. 24a, 11:51

Koadernoak Cristina Pérez legazpiarrak garatu ditu eta bost urtetik 10 urtera bitarteko umeei daude zuzenduta. Udako koaderno pertsonalizatuak dira, euskaraz edo gaztelaniaz, eta garunaren hemisferio biak lantzea dute helburu.  

Pérezen esanetan, hezkuntza sisteman dauden hutsune biri ematen diete erantzuna. Alde batetik, motibazio faltari. “Umeek arreta galtzea ekiditeko, euren argazkiak sartzen ditugu koadernoetan. Bestelako irudiak topatu barik, ariketak euren eta ingurukoen irudiz apaintzen ditugu eta horrek motibatu egiten ditu. Motibazioak kontzentrazioa suspertzen du eta, ondorioz, irakaskuntza askoz eraginkorragoa da”. Bestetik, garunaren hemisferio bien estimulazio faltari. “Ezkerreko hemisferioa logikoa da, arrazionala, matematiken esparrukoa, planifikazioarena… eta eskuinekoa hemisferio emozionala da, fantasiarena, harremanena… Ezkerrekoa gehiago lantzeko joera dago, eta gure koadernoetan alde biak estimulatzen dira eta, ondorioz, onura ateratzen zaie garunaren gaitasun guztiei”.  

Pérezek Pedagogia eta Gizarte Hezkuntza ikasi ditu eta proiektuaren ideia orain dela bost urte eduki zuen. “Lehengusu batentzat egin nuen halako koaderno bat. Ohikoak baino motibagarriagoak eta erakargarriagoak izatea nahi nuen, eta ideia asko gustatu zenez, animatu nintzen koadernoak salgai ipintzera”. Helburua da umeek etxean lan egin ahal izatea modu autonomoan, inork behartu barik, eta egileak azaldu duen moduan, Gabonetan lantzeko koadernoak ere egiteko asmoa du. “Urte osoan lantzeko bildumak ere egin nahi ditut. Baita abilezien araberakoak ere bai. Esate baterako, irakurketa bultzatzen dutenak, baina era berean eskuineko hemisferioa lantzeko baliagarriak direnak”. Koadernoak www.krissplanet.com webgunean daude salgai.       

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).