Logoa
Logoa
aikor.eus

“%100 hedabide digitala da Ttap”

  Komunikabideak  Txorierri

Monika Belastegi, zuzendaria

Euskarazko komunikabide berri bat jaio da aste honetan:Ttap aldizkariak bere zero zenbakia aurkeztu du Donostian, eta irailetik aurrera astero-astero iritsiko da irakurleen poltsikoetara. Anboto (Durangaldea), Goiena (Debagoiena), Baleike (Zumaia) Tokikom eta Esguard (Bartzelona) dira proiektuaren bultzatzaileak.

Zer da Ttap?

%100 hedabide digitala da; eskuko telefono zein tabletetatik irakurri, ukitu, ikusi eta entzun ere egin daiteke. Izan ere, Ttap erabat multimedia da, eta edukiak hainbat formatu eta euskarritan landuko ditu, erabiltzaileari esperientzia atsegin eta interesgarria eskaintzeko. Testuekin batera, bideoak, audioak eta grafiko interaktiboak ere eskainiko ditu.

Edukiei dagokienez, zein informazio landuko duzue?

Ttap-ek gertuko gaiak landuko ditu, erraz eta azkar kontsumitzeko moduan. Batez ere, inguru urbanoan eta garraio publikoan kontsumitzeko egingo dugu Ttap, telefonoa aldean hemendik hara dabiltzan horientzat. Aldizkariaren zenbaki bakoitzak 16 orrialde izango ditu, eta gutxi gorabehera ordu laurden batean irakurri ahal izango da. Hala ere, edukietan sakondu nahi duenak beti izango du horretarako aukera, mimo handiz landutako audio eta bideo piezen bidez.

Ttap izena nondik dator?

Ingelesez mugikorreko pantaila ukitzeari tap esaten diote. Hari horri tiraka, euskaraz ez zegoenez antzeko berbarik, Ttap izena bururatu zitzaigun.

Edizio bi izango dituela aurreratu duzue.

Bi edizio izango ditu momentuz, bat Bizkaian eta bestea Gipuzkoan, eta kolaboratzaile zerrenda zabal eta plurala: Pilar Kaltzada, Ander Izagirre, Hasier Hilario, Izaro Andres, Joseba Barandiaran, Arantxa Urretabizkaia, Unai Iturriaga, Joseba Sarrionandia, Lara Izagirre, Arantza Santesteban…

Zelan sortu da Kataluniako hedabideekin elkarlanean proiektua abiatzeko aukera?

Aurretik ere bagenuen kontaktua Kataluniako hedabideekin. Ttap-en oinarria den Esguard aldizkari digitalak 6 urteko ibilbide oparoa du Katalunian. Publikoak oso ondo erantzun dio han formatu berri honi. Esguard-en azken urteotan pilatutako esperientzia Ttap-en baliatu nahian elkarlanean oinarritutako proiektua jarri dugu martxan.

Zer egin daiteke zero zenbakia irakurtzeko?

Zero zenbakia jaso nahi duenak ttap.eus webgunera joan eta iOS zein Android aplikazioa deskargatzea besterik ez du. Aplikazio horrek kiosko moduan funtzionatuko du, eta zero zenbakia zein aurrerantzean kaleratzen diren guztiak deskargatu ahalko dira bertatik. Gainera, abuztua bukatu bitartean deskargatzen duten guztiek aukera izango dute tableta baten zozketan parte hartzeko.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa