Ttap jaio da, mugikorretarako astekari digitala euskaraz

Aikor aldizkaria 2018ko ira. 20a, 13:41

Martxan da Ttap, telefono mugikorretarako astekari digitala euskaraz; ostiralero-ostiralero, aktualitateko gaiak ekarriko ditu erabiltzaileen poltsikora, gertuko ikuspegi batetik landuta. 

Aldizkari digital berria hainbat komunikabideren artean sortu dute: Goiena Komunikazio Taldea, Anboto (Durangaldea), Baleike (Zumaia), Tokikom eta Esguard aldizkaria (Bartzelona). Aldizkariak Gipuzkoako eta Bizkaiako edizioak izango ditu eskuragarri. Irailaren 21ean aldizkaria doan deskargatzeko aukera egongo da edozein gailutan.

Uztailean aldizkariaren 0 zenbakia Donostian aurkeztu zen eta atzo, Bilboko Euskalduna Jauregian, Ttap aldizkari multimediaren 1. Zenbakiaren txanda izan zen. Maialen Chourraut eta Eneko Atxa dira protagonistak bertan, eta hain zuen ere, Zornotzako sukaldariak Euskalduna jauregian zuzentzen duen Eneko Bilbao jatetxean egin zen Ttap-en aurkezpen ekitaldia. Kike Amonarrizek aritu zen atzo aurkezle lanetan; horretaz gain, beste batzuek hartu zuten hitza: Maite Goñi, teknologia berrietan aditua eta Ttapeko kolaboratzailea; Jone Guenetxea Tokikomeko presidentea; Monika Belastegi Ttap aldizkariko zuzendariak eta Germà Capdevila Esguard aldizkariko zuzendariak.

Horretaz gain, hainbat arlotako gonbidatuak batu ziren Euskaldunan, besteak beste: Elena Laka Topaguneko presidentea; hizkuntza politikarako sailburuorde Miren Dobaran; Garbiñe Mendizabal Gipuzkoako Hizkuntza Berdintasuneko zuzendaria; Pili Calzada kazetaria; Goiena Komunikazio Taldeko hainbat ordezkari, baita Anboto aldizkariko eta Tokikomeko ordezkariak, eta Ttap aldizkariko hainbat kolaboratzaile eta unibertsitate eta hedabideetako kideak ere.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).