Txorierri institutuko ikasleak zeuden trainerua irauli zen Lekeition

Aikor aldizkaria 2018ko urr. 11a, 11:05

Gorputz Hezkuntza irakasgaiaren saioei lotuta, ikasleak arraun egitera joan ziren atzo goizean Lekeitiora. Gaztetxoak uretan zeudela trainerua irauli egin zen. Kerman Ibarra institutuko zuzendariak azaldu digunez, larria baino, ezbeharra zalapartatsua izan zen. 

Izan ere, istripua ikusi zuen baten batek 112ra deitu zuen eta lekura itsasoko laguntza azaldu zen. “Ikasle guztiak daude ondo. Familiekin hitz egin dugu eta guztiak daude lasai”. Gazte guztiek salbamendu-jaka zuten ipinita eta monitoreak zeuden haiekin traineruan. Gainera, malekoitik oso gertu zeuden eta erraz ailegatu ziren itsasertzera.

Ezbeharra goizeko 12ak inguru izan zen. Deia egunkarian azaldu duten moduan, olatu bik jo zuten traineruaren kontra: batak, ababorretik; eta besteak, istriborretik. Ura sartu zen trainerura eta ontzia irauli egin zen. Ibarraren esanetan, ikasleak uretara sartu zirenean itsasoa nahiko bare zegoen.