Premiazko neurriak hartzeko eskatu da Madrilen, putreen arazoa konpontzeko

Aikor aldizkaria 2018ko urr. 25a, 12:07

Loiu, Sondika, Derio, Zamudio eta Lezamako alkateak batu ziren Trantsizio Ekologikorako Ministerioko Biodibertsitate eta Ingurumen Kalitateko ordezkariekin Madrilen. Bileran Erandioko alkateak eta Senatuko EAJ-PNV taldeko ordezkariek ere hartu zuten parte.

Azkenaldian gero eta putre gehiago ikusten dira aireportuko inguruetan, eta maiatzean animalia baten eta hegazkin baten arteko talka izan zen Zamudion; eta uztailean, beste bat Getxon. Batzarrean, Txorierriko alkateek adituen talde batek arazoa berehala aztertzeko eskatu dute, horrela premiazko neurriak hartu ahal izateko.

Prentsa-ohar baten bidez jakinarazi duten moduan, bilera “onuragarria” izan da, eta hirugarren aldiz eskatu dute premiazko neurri zehatzak hartzeko, “hegaldien eta, ondorioz, herritarren segurtasuna bermatzeko beharrezkoak direnak”. Horrela, Loiuko aireportuko Fauna-batzordearekin eta Hegazti Handien Lantaldearekin aztertutako proposamenak eta eskaerak eraman dituzte Madrilera: besteak beste, azterketa zientifiko zehatza egitea, hegaztiek hegaldiei ekar diezazkieketen arazoei aurre egiteko; aire-zirkulazioaren eta inguruetako auzokideen segurtasuna bermatzen duten berehalako neurriak hartzea, eta putreei jarraipen-sistema bat ipintzea, euren patroiak-eta ezagutzeko. Beste aireportu batzuetan aurrera eramandako lan-lerroak ere ezarri dira, zeinak Fauna-batzordeari eta administrazio eskudunei helaraziko baitizkiete.

Azaldu dutenaren arabera, beste behin eskatu dute administrazio publikoen arteko koordinazioa egoteko. “Sustapen Ministerioak ere onartu behar du bere erantzukizuna, arazoa beste autonomia-erkidego batzuek ere badutelako”. Alkateek ENAIREri –aireko nabigazioaren Estatuko kudeatzailea- ibilbideren bat berrikusi edota aldatzeko proposamena egin zioten, talkak ekiditeko, eta aukera hori Ministerioko ordezkariei ere helarazi diete atzoko bileran. Era berean, Ministerioari parte-hartze handiagoa exijitu diote, “hegaztiak biltzen diren lekuak eta hegazti handien migrazio-bideak gaurkotzeko, eta, horrela, benetako datuak izateko eta aireportuak duen informazioa handitzeko”. Bestalde, alkateek bat egin dute pilotuen eskaerarekin, hegazti arriskutsuen presentzia denbora errealean jakinarazten dien sistema bat ezar dadin.

Alkateek esan dute lanean jarraituko dutela, “harik eta erakunde eskudunek gure auzokideen segurtasuna bermatzen duten neurriak eta konponbideak aurkezten dizkiguten arte”.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).