Helburuak lortzeko, ekintza batzuk jorratuko dituzte eskolako umeekin gaurtik eguaztenera arte, hala nola maskarak egitea, ipuin bat irakurtzea, eta landareen eta baratzeen gaineko saioa. Akarbaltz gaua urriaren 31n izango da eta egitarau oparoa antolatu dute arratsalderako. Hori Bai gaztetxean batuko dira 17:00etan. Bertan, eskolakoek sortutako bertsoak kantatuko dituzte, eta ostean, Akarbaltzarekin irtengo dira kalera, haren lagunen bila. Bizkargi dantza taldeak Xabi Solanoren Erre zenituzten abestirako egindako koreografia dantzatuko dute plazan, eta “edabe magikoak” eskainiko zaizkie umeei. Nagusien kalejira 19:30ean irtengo da plazatik, eta 20:00etatik aurrera erromeria egongo da Hori Bai gaztetxean, Gauragi taldearen eskutik.
Bestetik, Zamudion Arimaren Gaua ospatuko dute eta bertan ere ekitaldiak antolatu dituzte urriaren 31ko arratsalderako. Ekitaldiak Kultura Etxean izango dira. Kandelak eskuan daramatzatela, 20:00etan irtengo dira kalejiran eta 20:30ean mozorroen desfilea egongo da. Azkenik, gaztaina erreak eta kalabaza-gozokiak eskainiko dituzte 21:00etatik aurrera. Bada, esaerak dioen moduan, Xanduli, manduli, kikirriki… eman gozokiak guri!