Lezamako Eskualde Txapelketa martxan dago. Betiko moduan, gazte eta nagusien mailako txapelak banatuko dira eta datozen asteotan Euskal Herriko jokalari zaleturik onenak arituko dira herriko pilotalekuan. Guztira, 64 pilotari sartuko dira lehian Lezaman, eta guztira 15 jardunaldi jokatuko dira, gaur, lehenengoa 19:30etatik aurrera. Gazte mailan, Olaguenaga-Gonzalez, Igoa-Arandiaren kontra arituko dira; eta nagusien mailan, Cabrerizo-Zezeaga, Santxo-Bilbaoren kontra.
Larrabetzuko neskak
Era berean, bihar, azaroaren 10ean, Emakume Pilotarien Topaketa antolatuko dute Larrabetzun. Txokoan herriko elkarteak 10 partida eta bazkaria prestatu ditu horren haritik. Goizean, 10:30etatik aurrera, bost partida jokatuko dira, guztiak binakakoak. Lehenengoan, Esti Gomezek eta Junkal Gonzalezek osatutako bikotea Garazi Elorzak eta Josune Jimenezek osatutakoaren kontra arituko da; bigarrenean, Jasone eta Ainhoa Larrañaga, Maria Garica eta Maite Ruizen kontra; hirugarrenean, Oihana Orbegozo eta Nerea Azpitarte, Jone Goiri eta Maite Iriarteren aurka; laugarrenean, Nerea Sagarna eta Paula Iturbide, Naroa Iturain eta Karlota Albasen kontra; eta bosgarrenean, Lexuri Pardo eta Laura Loroño, Miriam Ballesta eta Josune Jimenezen aurka.
Ostean, 14:00etan, bazkaria egingo da, eta ostean, 17:00etan, arratsaldeko partiden txanda izango da. Beste bost partida jokatuko dira: Leire Arribas eta Eva Leon, Olatz Beitia eta Enara Gaminderen aurka; Ainara Berazaluze eta Elma Magro, Laura Mateos eta Irantzu Rubioren kontra; Izarne eta Haizea, Miren Llamas eta Marian Trigoren kontra; Ainhoa Ruiz Infante eta Amaia Zarrabeitia, Mariona Salat eta Txel Duranen kontra; eta Ane Baraizarra eta Alaitz Badiola, Irati Ugalde eta Araitz Eizagirren kontra.