Beltza kolorea, emakumearen kontrako indarkeria salatzeko

a: Idoia Andres 2018ko aza. 22a, 12:17

Azaroaren 25ean Emakumearen Aurkako Indarkeriaren Kontrako Nazioarteko Eguna izango da, eta, ohikoa den moduan, hainbat ekitaldi antolatu dira data horren inguruan, munduko emakumeek jasaten duten indarkeria salatzeko.

Sondikan, esate baterako, “Sexualitatea eta indarkeria matxista” tailerra emango da azaroaren 23an, 19:00etan, Gaztetxean. Garrasia talde feministak elkarretaratzera deitu du azaroaren 25erako. Hitzordua 12:30ean ipini dute Ikurrina enparantzan. Bertan Zutik emakumeak testua irakurriko dute, eta Women in black ekintza egingo dute. Arratsaldean, 19:00etan, martxa isil bat aterako da kioskotik, eta 19:30ean manifestu bat irakurriko da. Sondikako Udalak ekintza horietan beltzez jantzita parte hartzeko deia zabaldu du. Derion ere, eta Koxak talde feministak antolatuta, beltzez jantziko dira azaroaren 25ean. Women in black performancea Sollube kalean egingo dute eta gero, esan duten moduan, Udalak antolatutako elkarretaratzera batuko dira.

Bestetik, Zapata Gorriak Zamudioko talde feministak Divorciadas, evangélicas y vegetarianas antzezlana ekarriko du azaroaren 24an, 19:00etan, Zamudiotorrera. Hurrengo egunean, azaroaren 25ean, 12:00etan batuko dira Udaletxeko plazan, eta 12:30ean Women in black ekintza egingo dute Leizaola plazan.

Azaroaren 24an, 10:00etatik 13:00etara, neska gazteentzako autodefentsa tailerra egingo da Lezamako Gaztelekuan. Hurrengo egunerako, azaroaren 25erako, elkarretaratzera deitu du Moreak talde feministak. Ekitaldia 13:30ean izango da Lezamako plazan.

Azkenik, eta Zutunik Larrabetzu talde feministaren eskutik, autodefentsa feminista ikastaroa emango da azaroaren 24an, Errebale jauregian. Ikastaroa 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:00etara izango da. Azaroaren 25erako ekintza bi antolatu dituzte: alde batetik, elkarretaratzea egingo dute 12:30ean, eta bestetik, Women in black performancea, 13:00etan. Azken ekintza honetara beltzez eta zapata gorriak jantzita joateko eskatu dute. Ekintza biak plazan izango dira.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).