Apirilaren 10ean eta 11n, Txorierrik klika

Aikor aldizkaria 2019ko urt. 10a, 10:42

Korrika, euskararen aldeko herri lasterketa erraldoia, apirilaren 4an irtengo da Garestik eta, hamar egunean Euskal Herri osotik igaro ostean, Gasteizen amaituko da hilaren 14an. Txorierritik apirilaren 10ean pasatuko da. Larrabetzura Usansolotik sartuko da 13:43an, eta Lezama, Zamudio, Derio, Sondika eta Loiu zeharkatu ondoren, Leioarako bidea hartuko du. Hurrengo egunean, 16:46an, Loiura sartuko da berriro Erandiotik.

Korrika 21. aldiz egingo da aurten, eta, ohi moduan, aurreko lasterketa amaitu zen herrialde berean hasiko da: Nafarroan; Gares herrian, hain zuzen ere. Mezu sekretua daraman lekukoa bertatik abiatuko da apirilaren 4an, 17:00etan,  eta egun bi beranduago Iruñera ailegatuko da. Apirilaren 7an, Donibane-Garazitik, Mauletik eta Baionatik pasatuko da, eta, Gipuzkoan sartu-irtena egin ondoren, Lapurdira eta Nafarroara sartuko da berriro. Apirilaren 9an, Nafarroa eta Araba artean sigi-saga ibili, eta Bizkaira ailegatuko da hurrengo egunean. Bilbora apirilaren 11n sartuko da, eta bideari kostaldetik jarraituko dio, Gipuzkoara berriro sartzeko. Hegoaldetik Bizkaira abiatuko da (Otxandio), eta handik berriz ere sartuko da Gipuzkoara, Gasteizerako bidea hartzeko. Mezuaren irakurketa eta jai handiaren hasiera 12:30erako aurreikusita daude Andra Maria Zuriaren plazan. Ibilbidea herrika eta eskualdeka dago ikusgai www.korrika.eus webgunean.

Aurten, “Klika” aukeratu dute Korrikaren lelo, izan ere, “klika egitea aukera bat hartzea da, euskararen aukera hartzea”. Kilometroak erreserbatzeko aukera urtarrilaren 14an zabalduko da.