Arrizabalagak sendo hasi du txapelketa

Aikor aldizkaria 2019ko ots. 4a, 13:23

Olatz Arrizabalagak eta Iera Agirrek atzo egin zuten debuta Laboral Kutxa Emakume Master Cup binakako txapelketan, lehenengo mailan. Bikoteak 12 eta 18 irabazi zien Olatz eta Maite Ruiz de Larramendiri. Arrizabalaga gernikarra da, baina Larrabetzun entrenatzen du. Azken txapelketa biak irabazi ditu Leire Etxanizekin.  

Laboral Kutxa Emakume Master Cup binakako txapelketa aurten antolatu da hirugarren aldiz. Bigarren jardunaldia atzo, otsailaren 3an, jokatu zen Murgian, Araban. Eguraldi kaskarra egon arren, iragarritako 32 partidak jokatu egin ziren eta batzuk oso interesgarriak eta orekatuak izan ziren.

Beste txorierritar batek ere jokatu zuen atzo. Promozio mailan, Nerea Sagarna larrabetzuarrak eta Garazi Elorza donostiarrak 18 eta 4 irabazi zieten Oihane Aizpurua eta June Ugarteri, baina 18 eta 9 galdu zuten Naroa Elizalde eta Araitz Eizagirreren kontra. Promozio mailako partidak hiru jaialditan banatuko dira eta guztiak jokatu arte, Sagarnak ez du jakingo final-laurdenetarako sailkapena lortu duen ala ez. Izan ere, multzo bakoitzeko lehenengoez gain, bigarren postuan gelditu diren hiru bikoterik onenek ere lortuko dute sailkapena.

Lehian beste txorierritar batzuk ere ibiliko dira promozio mailan. Esate baterako, Jone Goiri eta Ane Baraiazarra larrabetzuarrek Granado-Lakuntza eta Aldaregia-Albas bikoteen kontra jokatuko dute otsailaren 10ean, 11:30ean, Sodupeko frontoian. Gainera, datozen asteotan, Ainara Navarro eta Alaitz Artetxe lezamarrek ere borrokatuko dute sailkapena lortzeko.

Beste larrabetzuar batzuk, ordea, kanpoan gelditu ziren lehenengo jardunaldian: Paula Iturbide eta Estibaliz Gomez; Ainara Berasaluze eta Izarne Elezkano; eta Libe Barrenetxea eta Maddi de Abajo.  

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).