Gurot! Euskal Galderen Unibertsoa

Aikor aldizkaria 2019ko ots. 5a, 12:31

Hamabi urtetik 17 urtera bitarteko gazteentzako jolasa da, eta horien aisialdian euskara sustatzea du helburu.

Euskaraz jolastu nahi duzu? Txorierriko Mankomunitateak, Uribeko beste udal batzuekin batera, Gurot! Euskal galderen unibertsoa deituriko jolasa sortu du. Gurot! kultura unibertsala eta euskal kultura euskaraz eta online lantzeko jolasa da, galdera-erantzunen bidezko norgehiagoketan oinarritutako jolas interaktiboa, hain zuzen ere. 

Aplikazioa, berez, 12-17 urte bitarteko gazteentzat prestatu da, eta helburu nagusia gazteen aisialdian euskararen erabilera sustatzea da. Tresna eraginkorra izan gura luke, gazteek jolasaren bidez euskara hutsezko harremanak izan ditzaten.

Proiektuaren sustatzaileak eta antolatzaileak hauek izan dira: Txorierriko, Uribe Butroeko eta Uribe Kostako Mankomunitateak, eta Mungiako, Erandioko, Getxoko eta Leioako Udalak. Horiek elkarlanean aritu dira, Eusko Jaurlaritzaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzaz.

 

Aplikazioaren jatorria

Urteotan Txorierriko Mankomunitatea, inguruko eskualdeetako udalekin batera, arduraz ibili da ondarearen bilketa nola gizarteratu eta gazteengana nola heldu aztertzen. Hainbat batzarren ostean, Udal eta Mankomunitateen ordezkariek, jolasaren edukiez arduratu den Joseba Santxo euskal filologoarekin batera, langaia zabaldu behar zela pentsatu zuten, gazte guztiengana iritsiko bazen. Halandaze, mendebaldeko euskaraz eta kulturaz gain, Euskal Herri osoko gaiak eta gai unibertsalak ere sartzea erabaki zuten. 

Horrelaxe, ba, zortzi arlo hauek landu dira galdera-erantzunetan: Gizartea (Geo­ grafia/Historia...), Natura (Biologia/Geo­logia/Ekologia...), Hizkuntza (Hizkuntzalaritza/Literatura/ Mitologia...), Artea (Margolaritza/Eskultura/Arkitektura...), Kultura (Etnografia/Sukaldaritza/Ohiturak...), Zientzia (Fisika/Kimika/Teknologia/Informatika...), Kirola (Herri kirolak/Kirol olinpikoak/Kirol markak...), eta Aisia (Musika/Zinema/Antzerkia/Komikia...).

Galderak prestatzean, irizpide hauek hartu dira kontuan: gazteen formaziorako galdera interesgarriak izatea, galdera harrigarriak edota jakingarriak izatea, eta galdera bakoitzaren hiru erantzun posibleen bitartez gazteengan zalantza eta jakingura sortzea, eta dena bizkaieraren ukitua duen idazkerarekin, Uribe Kosta eta Uribe Butroe eskualdeen ezaugarri linguistiko eta kulturalei arreta berezia emanez.

Gurot! Euskal Galderen Unibertsoan 600 galdera baino gehiago daude, eta lehiaketan parte hartu nahi duten gazteak ekainaren 21era arte lehiatuko dira. Horretarako, Gurot! app-a jaitsi www.gurot.eus webgunean, jolastu eta puntuaziorik handiena eskuratzen dutenen 100 finalisten artean egingo da zozketa. Sari potoloa jasoko du irabazleak: Iphone 6 telefono mugikorra, eta Hesian taldearekin argazkia, eta backstage-rako sarrera hain zuzen ere.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).