Loiu, Sondika, Derio, Zamudio eta Lezamako alkateak Bizkaiko Garraio Partzuergoarekin batu dira

Aikor aldizkaria 2019ko ots. 22a, 10:30

Batzar horretan, zenbait gai aztertu dituzte garraio publikoaren zerbitzua hobetzeko. Bizkaiko Batzar Nagusiek orain dela gutxi onartu zuten Foru Aldundiari eskatzea Txorierri 3. linean integratzea bultza dezala, eta alkateek eta Partzuergoaren ordezkariak erabaki hori ere eduki dute hizpide. Horri lotuta, esan dute erabakiak haiek 2017ko ekainean egindako eskaera berretsi duela.

Metroaren 3. linea martxan jarri zenetik, eta Txorierri linea horretan integratuko zela agindu bazen ere, txorierritarrok beste bidaia bat ordaindu behar dugu garraio-aldaketa egiten badugu, hau da, trenetik atera eta metroa hartzeagatik; Kukullaga-Matiko zatia erabiltzen dutenek, berriz, ez. Loiu, Sondika, Derio, Zamudio eta Lezamako alkateek Garraioen Partzuergoari berriro eskatu diote bere plan estrategikoan azter dezala garraio-aldaketa ordaindu behar ez izateko aukera, “metroko 1. eta 2. lineetako erabiltzaileekin alderatuta, neurri diskriminatzailea delako”.

Bestalde, beste proposamen batzuk egin dituzte Partzuergoak bere plan estrategikoan sar ditzan: bariku goizaldean tren-zerbitzua ipintzea; Loiu eta Bilbo lotzen dituen autobusaren maiztasuna handitzea; Loiuko aireportura joateko garraio-lotura ipintzea; eta Mungia, Bakio edo Bermeo Bilborekin lotzen dituen autobusekin lotura jartzea.

Azkenik, alkateek eskertu dute 3. lineak herritarren mugikortasuna hobetu izana, zeren, Euskotrenek urtarrilean jakinarazitako datuen arabera, Txorierriko lineako erabiltzaile-kopurua % 19,1 handitu baita aurreko urtearen aldean. Bizkaiko Garraioen Partzuergoak proposamenen bideragarritasuna aztertzeko konpromisoa hartu du.          

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).