Arrizabalagak finalerdia jokatuko du martxoaren 10ean

Aikor aldizkaria 2019ko ots. 26a, 11:40

Asteburu honetan Emakume Master Cup Binakako txapelketaren azken kanporaketa jokatu da Sodupeko pilotalekuan. Lehenengo mailan, Larrabetzun entrenatzen duen Olatz Arrizabalaga gernikarrak eta Iera Agirre leitzarrak ez zieten Ainhoa Romero eta Amaia Aldai bizkaitar gazteei aukera handirik eman, eta 18 eta 5 irabazi zieten. Beraz, irabazleek finalerdietarako sailkapena lortu dute. Hurrengo partida Patri Espinar eta Mirian Arrilagaren kontra jokatuko dute Errenterian, martxoaren 10ean.

Era berean, Ainara Navarro eta Alaitz Artetxe lezamarrak txapelketatik kanpo gelditu dira promozio mailan. Bikote txorierritarrak partida biak galdu zituen, biak 18 eta 4: bata, Gentzane Aldaik eta Izaskun Martinek osatutako bikotearen kontra; eta bestea, Eneritz Garate eta Leire Martinen aurka. Halaber, Iraia Barkos bilbotarrak min hartu zuen eta, bere ordez, Nerea Sagarna larrabetzuarrak jokatu zuen Maialen Magunagoitiarekin batera. Bikoteak ere galdu zituen partida biak: 18 eta 6, Ane Urkizu eta Lierni Gartziarenaren kontra; eta 18 eta 7, Nagore Aramendi eta Oihana Unanue gipuzkoarren aurka.

Promozio mailan, multzo bakoitzeko lehenengoez gain, bigarren postuan gelditu diren hiru bikoterik onenek ere lortu dute sailkapena, baina horiek ez dira txorierritarrak izan eta guztiak gelditu dira kanpoan. Nerea Sagarnak partida bat irabazi zuen (18-4) eta bestea galdu (18-9); emaitza antzeko bat ere lortu zuten Jone Goiri eta Ane Baraiazarra larrabetzuarrek: lehenengo partidan nagusitu ziren (18-16), baina bigarrenean, porrota (18-2).

Goirik eta Baraiazarrak, aldiz, berriro jokatu dute asteburu honetan. Izan ere, Emakume Master Cup Binakako txapelketaren hurrengo jardunaldia jokatuko da barikuan, martxoaren 1ean, Urduñan. Larrabetzuarrek ez dute sailkapena lortu, baina lagunarteko partida bat jokatuko dute Yaiza Bonilla eta Ekiñe Otaolaren kontra.      

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).