Batxilergoko ikasleak egun bateko egonaldiak egiten dabiltza enpresetan

Aikor aldizkaria 2019ko ots. 27a, 10:39

Txorierriko Mankomunitateak Gaztedi gazteen enplegua hobetzeko programa eskaintzen du, Erandioko Udalaren laguntzarekin eta Bizkaiko Foru Aldundiaren babesarekin. Horren barruan, aste honetan, Txorierriko Batxilergoko 48 ikasle egun bateko egonaldiak egiten dabiltza zenbait enpresatan, lanpostuak bertatik bertara ezagutzeko.

Guztira, hainbat sektoretako 30 enpresak baino gehiagok hartu dute parte ekimenean: Matrici, Semtek Therapeutics eta Aleovitro laborategiak, ITP Aero eta ZIV Automation ingeniaritza-enpresak, IMQ Zorrozaurre klinika, Ertzaintza, suhiltzaileak, eta Bizia eta Etorkintza fundazioak, besteak beste. Ikasle bakoitzak langile batekin emango du egun osoa, langilea lanean dabilela. Hau da, gazteak lanbide horren errealitatea ezagutzeko aukera izango du. Gainera, lanbideari eta lanpostuari buruzko zalantzak-eta galdetu ahal izango dizkio langileari. Egonaldiak ikasle bakoitzak egindako eskaeraren arabera diseinatu dira, bere neurrira.

Enpresetan egonaldiez gain, Gaztedi gazteen enplegua hobetzeko programak lan-munduaren errealitatera gerturatzeko beste aukera batzuk eskaintzen ditu, hala nola enpresa eta erakundeetarako bisitak eta sektore-mahaiak. Azken horien barnean, IDDTEK eta ZIV enpresetako langileak ikastetxeetara joaten dira, enpresaren errealitatearen berri ematera eta beren esperientziak aurrez aurre kontatzera.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).