Alkateek putreak antzemateko radarrak eta falkoneria robotika erabiltzeko eskatuko dute

Aikor aldizkaria 2019ko mar. 28a, 14:34

Loiu, Sondika, Derio, Zamudio, Lezama eta Erandioko alkateek Aenari eskatu diote Loiuko aireportuko Fauna-batzordearekin premiazko batzarra egiteko. Bilera horrek helburu hauek izango ditu: putreen arazoari aurre egiteko orain arte hartu diren neurriak aztertzea, eta Aenari eta AESAri (Aire Segurtasuneko Estatu Agentzia) exijitzea hegaldien eta herritarren segurtasuna bermatzen duen edozein neurri har dezatela.

Adierazi dutenez, batzar horretan eskatuko dute saiak antzemateko radarrak erabiltzen berehala hasteko, eta falkoneria robotika ere erabil dezatela hegaztiak uxatzeko. Era berean, Aenari eta AESAri exijituko diete talde egoki bat osatzea, indarrak putreen arazoa konpontzen bakarrik ipin ditzaten eta talka gehiagorik ez egoteko premiazko neurriak bultza eta koordina ditzaten. Gainera, euren ustez, talde horrek administrazioen artean modu koordinatuan bultzatu beharko lituzke Loiuko aireportuaren inguruetan hegazti handiak ez egoteko egin beharreko ikerlanak eta etengabe hartu beharreko neurriak. Bestalde, batzar horretan ere aztertu nahi dute Aenak sortutako adituen taldeak orain arte egin duen lana. Adituen talde horretan hegazkintza, aire segurtasun eta fauna arloetako adituak eta ornitologoak daude.

Gogorarazi duten moduan, aurreko bileran, alkateek eskaera hauek egin zituzten: azterketa zientifiko zehatza egitea, hegaztiek hegaldiei ekar diezazkieketen arazoei aurre egiteko; aire-zirkulazioaren eta inguruetako auzokideen segurtasuna bermatzen duten berehalako neurriak hartzea, eta putreei jarraipen-sistema bat ipintzea, euren patroiak-eta ezagutzeko. Halaber, alkateek bat egin zuten pilotuen eskaerarekin, hegazti arriskutsuen presentzia denbora errealean jakinarazten dien sistema bat ezar zedin.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).