Kerman Lejarragak lehendabiziko aldiz galdu du

Aikor aldizkaria 2019ko api. 1a, 12:43

Kerman Lejarragak KO teknikoz galdu zuen bederatzigarren roundean, David Avanesyan errusiarraren kontra. Borroka Bilbon antolatu zen martxoaren 30ean. Adituen arabera, Lejarraga zen faboritoa, baina Avanesyanek welter pisuko Europako gerrikoa kendu zion Morgako errebolberrari.

Profesional mailan Lejagarrak izan duen lehenengo porrota izan da. Beraz, ez da datozen hilabeteotan munduko txapelketa irabazteko lehian sartuko. Guztira 10.000 lagunek ikusi zuten zuzenean borroka.

Boxeolari errusiarra hasiera-hasieratik nagusitu zen. Esate baterako, laugarren roundean, Avanesyanek Lejarraga bota zuen lurrera. Txapeldungaiak  komeni zitzaion borroka egin zuen: sendo defentsan; eta azkar, kontraerasoan. Era berean, Kerman gogotsu ibili zen, betiko moduan, baina ez zen gustura aritu. Azkenean, txapeldunak kolpe-sorta ederra jaso ostean, epaileak borroka gelditu behar izan zuen. Boxeolari euskaldunak kiroltasunez jokatu zuen eta berak jarri zion gerrikoa arerioari.

“Zorionak eman nahi dizkiot Davidi, argi ibili delako. Zuen laguntzarekin, altxatu egingo naiz berriro. Errebantxa nahi dut eta, horretarako, Errusiara edo edonora joango naiz”, adierazi zuen Lejarragak. Morgarrak ezin izan zuen hirugarren aldiz Europako txapelketa irabazi, hain zuzen ere, Paulino Uzcudun, Agustin Senin eta Urtain euskal boxeolari mitikoek lortu zutena. Porrotaren ondorioz, Lejarragak ospea galdu du eta baliteke baita Estatu Batuetan borrokatzeko aukera ere.   

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).