Beste errei bat atondu da Txorierriko korridorean

Aikor aldizkaria 2019ko api. 4a, 12:48

Erreia Arrontegiko bidezubiaren amaieratik Enekuriko jaitsieraraino (BI-604) doa eta Kukularra proiektuaren lehen fasearen barruan eraiki da. Lanetan 11 hilabete eman ondoren eta oraindik lan batzuk falta direla –drainatze-erremate batzuk, seinaleztapena, balizak…–, Bizkaiko Foru Aldundiak erabaki du erreia asteon zabaltzea, mugikortasuna eta bide-segurtasuna hobetzeko eta tarte horretan pilaketak murrizteko. Izan ere, Txorierriko korridorean (N-637) 135.000 ibilgailu baino gehiago ibiltzen dira egunero.

Kukularra proiektuaren lehen fasearen lanak bakarrik N-637 errepidean egin dira eta lehendik egon den trazadurari eutsi zaio. Hala ere, Foru Aldundiak esan duenez, nabarmen hobetuko du Arrontegiren eta Asuaren/Enekuriren arteko zirkulazioa. Zehatz-mehatz, lanak egin dira Enekuriko jaitsieraren azpian dagoen pasagunean hiru errei egoteko; Kukularran, Deriorako noranzkoan, taula zabaldu da lau errei izateko; eta, azkenik, errei bi egin dira Arrontegi-Kukularra adarrean. Azken lan horren ondorioz, lau errei daude Arrontegin, Asuako irteeratik Kulukarrarako irteeraraino. Lanak 2,3 kilometro luze den errepide-zati batean egin dira eta beharretan 5.122.513 euro ipini dira. Bestetik, falta diren atontze-lanak gauez egingo dira. Bigarren fasea udan hasiko da, lanak esleitu ostean. Lizitaziorako aurrekontua 10.062.693 eurokoa da (BEZa barne) eta aurreikusi da lanak 21 hilabeteren buruan amaituko direla.