Korrika badator!

a: Aner Mentxaka 2019ko api. 10a, 09:35

Apirilaren 4an Garesetik irten, eta Korrika gaur ailegatuko da Txorierrira. Aurreikuspenen arabera, euskararen aldeko lasterketa Usansolotik sartuko da Larrabetzura apirilaren 10ean, 13:40ak aldean. Lezamatik, Zamudiotik, Deriotik, Larrondotik eta Sondikatik pasatu ondoren, Erandiogoikora abiatuko da, eta handik Uribe Kostara. Leioa inguruan dagoela Goierrira sartuko da eta, Txorierritik irten ostean, kostalderantz joango da. 

Txorierritarrok hurrengo egunean ere, apirilaren 11n, hartuko dogu euskerearen lekukoa. Izan be, Korrika ostera be sartuko da bailarara: 16:25ak aldean Lutxana Erandiotik abiatuko da Erandiogoikora, handik Loiura, eta gero Uribe Butroerantz egingo du. Beraz, hiru aldiz egingo dugu klika. Aurten lasterketan parte hartu ezin baduzu, Korrikak Txorierrin egingo duen ibilbideari zuzenean jarraitu ahal diozu www.aikor.eus webgunearen bidez. 

Hamar egunean Euskal Herri osotik igaro ostean, Gasteizen amaituko da hilaren 14an. Mezuaren irakurketa eta jai handiaren hasiera 12:30erako aurreikusita dagoz Andra Maria Zuriaren plazan. Txepetxa AEK euskaltegiak autobusa antolatu du bertara joateko.

Bestetik, datozen egunotan Txorierrin zenbait ekitaldi izango ditugu Korrika kulturalaren harira:

 

Apirilak 10, eguaztena

Sondika

Korrika pasatu ostean, txokolatadea.

17:00 Ume eta gurasoentzako dj festa, Ikurrina plazan.

 

Derio

Eguerdian, Xaibor eskolan.

 

 

Apirilak 11, eguena

Loiu

10:15 Ikastetxeen arteko Korrika txikia.

 

Erandiogoikoa

Korrika pasa ostean, Flashmob-a eta txokolatadea.

 

 

Apirilak 12, barikua

Zamudio

21:00 Bertso-afaria Baserri Antzokian: Igor Elortza, Etxahun Lekue eta Oihana Bartra. Gai-jartzailea: Iratxe Ibarra. Lagatzu euskera alkarteak antolatua.