Iaz, 500 lagunek baino gehiagok topatu zuten lana EGAZ Txorierriren bidez

Aikor aldizkaria 2019ko mai. 6a, 11:39

Txorierriko Zerbitzuen Mankomunitateko Enplegu eta Sustapen Ekonomikoko Zerbitzuak jakinarazi duen moduan, 2018an 521 pertsonari lagundu zien lana topatzen. Lagun horien % 15ek kontratu mugagabea eta lanaldi osokoa lortu zuten, eta guztira 503 pertsonak hartu zuten parte EGAZeko ikastaroetan eta orientazio-jardueretan; 2017an baino % 68 lagun gehiagok. Txorierriko langabezia-tasa % 7,65ekoa izan zen 2018ko amaieran; Bizkaikoa eta Euskadikoa baino txikiagoa: % 11,3 eta % 10,4, hurrenez hurren.

EGAZ Txorierrira hautagai bila joan ziren enpresek profil hauek eskatu zituzten: manufaktura-industria eta eraikuntzako langileak (152), pertsona teknikoak eta laguntzaile profesionalak (140), oinarrizko lanetarako langileak (139), zientzialari profesionalak eta intelektualak (135) eta bulegoko langileak (86). Horrezaz gainera, zaharberritze-lanak egiteko pertsonak eskatu zituzten, langileak eta saltzaileak, instalazioetako eta makineriako langileak eta zuzendaritzako eta gerentziako langileak. Enplegu eta Sustapen Ekonomikoko Zerbitzura arlo hauetako 333 enpresak jo zuten: merkataritza eta ostalaritza, manufaktura-industria, artea, entretenimendua, zientzia, administrazioa, eraikuntza, komunikazioa, finantzak eta nekazaritza. Guztira 1.148 lanpostu eskaini ziren.

Bestetik, EGAZ Txorierrik 49 enpresa martxan jartzen lagundu zuen 2018an. Enpresa horiek 79 lanpostu sortu dituzte (59 lanpostu, 2017an), eta proiektuetan 1.742.600 euro inbertitu ziren. Inbertsioaren % 63 Eusko Jaurlaritzak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Europako Gizarte Funtsak inbertsioaren % 63 finantzatu zuten. Zerbitzuaren datuen arabera, Txorierriko ekintzaileak 45 urtetik gorako gizonak eta 35 urtetik 44 urtera bitarteko emakumeak dira, eta erdi- edo goi-mailako ikasketak dituzte.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).