Orotara bost greba egunetara deitu dute: biharko, maiatzak 23, eta ekainaren 6rako, 7rako, 20rako eta 21erako. “Batasuna eta borrokaren bitartez lortuko dugu sektoreko prekarietatea deuseztatzea”, esan dute langileen ordezkariek. Euren hitzetan, sindikatuen eta patronalaren arteko negoziazioek 15 hilabete iraun dute, baina ez da aurrerapausorik lortu. “Patronala eroso eta harrotuta dago, eta bere estrategiarekin jarraitzeko prest dago, enplegua suntsitzeko eta sektoreko lan baldintzak prekarizatzeko”.
LAB sindikatuak adierazi du “unea iritsi” dela. Azken hilabeteotan, “mobilizazioak, batzarrak, prentsa agerraldiak, enpresetan mozioak aurkeztu eta beste hainbat ekimen egin ditugu. Unea da patronalari erakusteko bere estrategiak, hots, langileak banatzeko asmoak, huts egin duela”. Sindikatuak metalgintzako langileen lan-baldintzak hobetzea du helburu, eta horretarako, hitzarmena berritu nahi dute. “Hau ez da bakarrik lan-gatazka bat. Arazo politiko eta sozial baten aurrean gaude, non erakundeek inplikatu behar duten. Soilik sektoreko hitzarmen duin baten bitartez berma daiteke aberastasunaren banaketa”.