Ekintzak izango dira asteburuan, Kirol Jaiaren haritik

a: streetkirolak.eus 2019ko mai. 31a, 13:20

Asteburuan, eta Bizkaiko Foru Aldundiak antolatuta, Kirol Jaia egingo da gure lurraldeko 35 udalerritan; haien artean, Sondika, Derio eta Zamudio daude. Udalerri horiek kiroldegiak eta kirolari lotutako beste gune batzuk zabalduko dituzte doan, herritarrak kirola egitera animatzeko.

Sondikan, besteak beste, igeriketa, squasha eta padela egin ahalko dira Artebe kiroldegian, eta frontoia, gimnasioa eta areto-futboleko zelaia erabili ahalko dira Goronda Beko kiroldegian. Biak 10:30etik 13:45era egongo dira zabalik zapatuan, ekainaren 1ean.

Derioko udal kiroldegia domekan, ekainak 2, zabalduko da 10:00etatik 14:00etara. Derioztarrek zumbarekin, ginkanarekin eta ur-jolasekin gozatu ahalko dute, eta, gainera, galkorrak ez diren elikagaiak batuko dira herriko elikagai bankuari laguntzeko.

Azkenik, Zamudion street kirolak egongo dira bihar, ekainaren 1ean: parkour-a, street workout-a, slackline-a, urban dance-a, grafitia, skatea eta roller-a. Ekintzak 10:00etatik aurrera izango dira, eta parkour-eko 15 atletak erakustaldia eskainiko dute. Era berean, Zamudiobox Zamudioko boxeo taldearen ekitaldia egongo da. Izena ematea udaletxean, www.streetkirolak.eus webgunean edo bihar bertan egin daiteke (09:30etik 10:00etara, lekurik badago).