11-13 sumarioko auzipetuek manifestaziora deitu dute irailaren 14rako

Aikor aldizkaria 2019ko eka. 6a, 12:27

Irailaren 16an hasiko da 11-13 sumarioaren epaiketa, eta bertan 47 lagun epaituko dituzte; haien artean, hiru txorierritar daude: Ibon Meñika eta Nagore Lopez de Luzuriaga zamudioztarrak eta Naia Zuriarrain larrabetzuarra. Auzipetuei ETAko kideak izatea leporatu diete eta Fiskaltzak zortzi urtetik 20 urtera bitarteko espetxe-zigorrak eskatu ditu haientzat: 601 urte orotara. Akusatuek manifestaziora deitu dute irailaren 14rako Bilbon.

Auzipetuak euskal presoen aldeko zenbait elkartetan ibili dira, eta Donostian egindako prentsa agerraldian azaldutakoaren arabera, hau izan da euren lana: presoen eta erbesteratuen osasuna artatzea, euskal preso politikoen eskubideen aldeko mobilizazioak antolatzea, presoen eta erbesteratuen defentsa juridikoa,  senide moduan antolatzea eta preso eta erbesteratuentzat bitartekari-lanak egitea. “Gure printzipio politiko eta etikoei loturik aritu gara uneoro, eta lasai gaude egin dugunarekin”. Bost eta sei urte pasatu dira atxilotu dituztenetik eta behin-behineko askatasunean daude. Euren esanetan, auzi luze honek euren bizitza ez ezik, senideen bizitza ere baldintzatzen du eta azpimarratu dute gaur egun 38 adingabe dituztela euren zaintzapean.

“Aro berri baten testuinguruan egiten ari ginen lana: urteetan luzatu zen gatazka konpontzeko bide berriak lantzen ari ziren, eta logika horri loturik ari ginen gu ere, ilusioz, presoen eta erbesteratuen gaia konpontzeko eginahalean. Horregatik kolpatu gintuzten estatuaren estolderietan diseinatu zituzten polizia-operazioen bidez. Egindako lana eta aldarrikapenak berresten ditugu gaur egun ere bai”, esan zuten. 

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).