11-13 sumarioko auziko hiru txorierritarrak ez dira kartzelara joango

Aikor aldizkaria 2019ko ira. 16a, 15:04

Gaur hasi da 11-13 sumarioko auziko epaiketa Madrilen, baina ez da oso luzea izan. Fiskalak eta abokatuek hitzarmena egin dute eta akusatuek leporatzen zaizkien delituak onartu ostean, kartzela-zigor txikiak ezarri dizkiote. Ibon Meñika eta Nagore Lopez de Luzuriaga zamudioztarrak eta Naia Zuriarrain larrabetzuarra ez dituzte espetxeratuko.

Guztira, 47 lagun epaitu dira 11-13 sumarioko auzian, eta bakarrik Aratza Zuluetak eta Jon Enparantzak joan beharko dute espetxera, bost hilabete, hain zuzen ere. Gainerakoek, espetxea saihestuko duten arren, hiru urterako inhabilitazio absolutua jasoko dute. Eta haietako hamaseiri egunerokoan eragingo die horrek, arlo publikoan egiten dutelako lan. Hiruk, gainera, betirako galduko dute lanpostu publikoetarako lortutako plaza.

“Gutxien espero duguna justizia da. Guk irtenbideen aldeko apustua egin dugu. Zapatuan Bilboko kaleetan manifestazio erraldoia egon zen eta horrek argi eta garbi adierazi zuen gizarteak beste etorkizun bat nahi duela, hau da, azken hamarkadotan bizi dugun sufrimendua iraganeko kontua dela eta guztion artean irtenbideak topatu behar ditugula sufrimendu hori gainditzeko. Gaur egun, aldiz, presondegiko politikak sufrimendua eragiten jarraitzen du eta hori bertan behera gelditu behar da. Guk hori lortzeko jarraituko dugu lanean”, esan du Ibon Meñikak epaiketara joan baino lehen.

“Askotan salatu dugu epaiketa honetara baldintzatuta gatozela, Auzitegi Nazionala ez baita ohiko epaitegi bat, eta horrek ahalbidetu baitu gure aurkako zigor eskaerak izugarriak izatea. Horrek pentsarazi digu agian zigor horiek egia bilakatu zitezkeela, eta bultzatu gaitu akordioa onartzera, nahiz eta gure hasierako helburua denok aske irtetea izan. Erabaki kolektiboa izan da”, esan du Amaia Izko auzipetuetako batek, Berria egunkariak eskainitako bideoan.

Fiskaltzak zortzi urtetik 20 urtera bitarteko espetxe-zigorrak eskatu zituen. Akusatuak euskal presoen aldeko zenbait elkartetan zebiltzan (Herrira, Jaiki Adi eta Etxerat). Gainera, abokatuak eta bitartekariak ere badira auzipetuen artean. Guztiei ETA erakundearen kideak izatea leporatzen zieten.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).