Lejarragak berriro galdu du Avanesyanen kontra

a: EITB.eus 2019ko ira. 30a, 12:02

Kerman Lejarraga Morgako errebolberra  eta David Avanesyan boxeolariek welter pisuko Europako txapelketaren errebantxa jokatu zuten Bilbon, zapatuan, irailaren 26an. Martxoaren 30ean errusiarra nagusitu zen eta oraingo honetan ere emaitza berbera izan da: David Avanesyanek KO teknikoz irabazi du lehenengo roundean eta gerrikoari eutsi dio.

Borroka oso laburra izan zen. Borrokalari biek errespetua adierazi zioten elkarri, eta hasieran ez zioten elkarri kolpe handirik eman. Borrokatu baino lehen, lasaiago arituko zela esan zuen Morgako errebolberrak eta horixe saiatu zen egiten. Hala ere, kolpeak hasi zirenean, errusiarra euskalduna baino zehatzagoa izan zen eta Lejarraga birritan bota zuen lurrera. Bigarren erorikoan, epaileak borrokari amaiera ematea erabaki zuen.  

Ez zuen ematen Lejarraga hain txarto zegoenik, baina epaia behin betikoa izan zen. Kerman oso haserre eta etsituta agertu zen, epailearen erabakiarekin bat ez zetorrelako. “Baina zer egin duzu?”, galdetu zion epaileari. Txutxi del Valle boxeolariaren entrenatzaileetako bat ere ibili zen kexaka. Baina alferrik. Borroka bukatutakoan, Morgakoak ez zuen adierazpenik eman nahi izan. Guztira, 8.000 zaletuk ikusi zuten borroka zuzenean; gehienak etxeko borrokalariaren aldekoak ziren, eta haiek ere azaldu ziren triste.

Kerman Lejarragak (28 garaipen, 2 porrot) 27 urte dauzka eta oraindik zeresana dauka boxeoan. “Itzuli egingo gara”, iragarri du MGZ Promotions enpresak ohar batean. Era berean, MGZ-ko lagunek esan dute Morgakoa ez dela berriro welter pisuan arituko, superwelter baizik. “Kermani izugarri kostatu zitzaion welter mailan eskatzen den pisuari eustea, eta horregatik erabaki dugu superwelter pisuan lehian sartzea”.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).