Antzina, kalabazak eta arbiak hustu, begiko, sudurreko eta ahoko zuloak egin, eta haien barruan kandelak pizten ziren. Kalabazak-eta bide bazterretan uzten ziren hildakoen arimei bidea erakusteko. Era berean, gazteak eta umeak etxeko trapu zaharrekin mozorrotzen ziren auzokideak beldurtzeko. Familiek gaztainak jan ohi zituzten, eta, herri batzuetan, umeak eskean ibiltzen ziren. Elkarteek eta erakundeek Txorierriko kaleetara ekarri dituzte berriro ohitura horiek.