Kanpainaren sustatzaileek beharrezkotzat jo dute merkataritza txikia eta euskarazko kontsumoa bultzatzea, eta merkatariekin egiten den ohiko lanketaz gainera, bezeroak ere inplikatzeko kanpaina bat egin dute: KAISHOP. Ohar baten bidez adierazi dutenez, gaur egun, azalera handiko zentroek eta frankiziek konpetentzia handiegia egiten diete herrietako merkatari txikiei. “Kanpainak salneurriez eta eskaintza handiez harago joan nahi du, aspalditik gure merkatariek garatzen dituzten herriak bizirik mantentzeko saiakerari bultzada bat emanez, gure dendek ematen diguten hurbiltasuna, konfiantza eta aholkularitza agerian uzteko”.
Azalera handiko merkatariek erabiltzen duten Black Friday-a ate joka dugu, eta, horri lotuta, udalek kontzientziak astindu nahi dituzte. Horretarako, spot bat egin da KAISHOP! egitasmoaren barruan. Horretan, inolako gidoirik gabe, benetako bezeroek aurre egiten diote egungo puntako teknologiari. Umorea bide, Alexak, Sirik edo OK Googlek erosketa birtualak egiteko dituzten hutsuneak agerian uzten dira. Gaizka Garitano derioztarrak eta Athleticeko entrenatzaileak hartu du parte spotean. Bideoa hurrengo gizarte-sareetan egongo da ikusgai sei egunean: Youtube, Instagram @kaishop.eus, Facebook Kaishop: #kaishop #guredendakeuskaraz #euskararenlagunak.
Txorierriko Zerbitzuen Mankomunitateaz gainera, egitasmoa hauek bultzatu dute: Getxoko, Mungiako, Gernika-Lumoko, Erandioko, Basauriko, Ermuko eta Leioako Udalek eta Uribe Kostako Zerbitzu Mankomunitatea.