Nesken esanetan, teknologia-munduan bizi garen heinean, paperezko kartelak eta testuak ez dira hain eraginkorrak. “Horregatik, batez ere jende gaztearengan pentsatuta eta ahalik eta jende gehienengana ailegatzeko asmoz, pentsatu genuen onena zela zerbait formatu digitalean egitea”. Bideoa egiteko ideia Garrasia taldekoek izan zuten, eta Iretargi Betea taldeko neskei bertan parte hartzeko proposamena egin zieten. “Izan ere, biok nahiko talde berriak eta ezezagunak gara, eta, nahiz eta bakoitzak bere herrian hainbat ekintza egin, ezinbestekotzat jotzen dugu indarrak batzea eta elkarrekin aritzea, gure borroka ahalik eta jende gehieni helarazi ahal izateko”. Horri lotuta, gogoratu dute Azaroaren 25a borroka-eguna dela.