Ekitaldiak, munduko emakumeek jasaten duten indarkeria salatzeko

Aikor aldizkaria 2019ko aza. 22a, 09:57

Azaroaren 25a Emakumearen Aurkako Indarkeriaren Kontrako Nazioarteko Eguna izango da, eta, aurrekoetan legez, hainbat ekitaldi antolatu dira data horren inguruan, munduko emakumeek jasaten duten indarkeria salatzeko.

Datozen egunotan hainbat ekitaldi izango dira. Garrasia Sondikako talde feministak, esate baterako, informazio-standa ipiniko du hilaren 23an eta 24an, goizean, Txorierri etorbidean (Gaztañaga tabernaren aurrean). Gainera, hilaren 24an ere, 13:30ean, Women in black ekintza egingo dute Ikurriña plazan. Hilaren 25erako elkarretaratzera deitu dute. Hori 18:00etan izango da Ikurriña plazan: manifestua irakurriko dute, manifestazioan aterako dira herritik eta gero Bilboko manifestaziora joango dira.

Loiuko liburutegian Hezkidetzako irakurketa sustatzeko gogoetak gida ipiniko dute erabiltzaileen eskura, eta berdintasunean hezteko liburuen erakusketa egongo da. Derion, elkarretaratzea egin, eta adierazpena irakurriko da hilaren 25ean, 12:30ean, Euskalerria kalean. Arratsaldeko 19:30ean, eta Koxak talde feministaren eskutik, beste elkarretaratze bat izango da Aralar kalean (Amets gozoki-dendaren ondoan). Bestalde, talde feministak zineforuma antolatu du hilaren 27rako. Hori 19:00etan izango da Kultur Birikan eta Volar dokumentala ikusiko dute.

Azaroaren 23an, emakumeen arteko boxeo gau-jaia egongo da Zamudioko kiroldegian, herriko boxeo taldeak antolatua; eta hilaren 25ean, elkarretaratzea egingo da 12:00etan, kultur etxean. Zapata Gorriak talde feministak egun horretarako ere elkarretaratzea deitu du 19:00etan, Leizaola plazan, eta hilaren 30erako “Amor, sexo y otras movidas” hitzaldi-tailerra antolatu du. Ekintza 19:00etan izango da kultura etxeko gimnasioan eta La Psicowoman-ek eskainiko du.

 

Autodefentsa feminista

Lezaman, elkarretaratzea egingo dute azaroaren 25ean, 13:30ean, plazan, eta 19:00etan leku berean batuko dira berriro Moreak talde feministak deitua. Horren ondoren, 19:30ean, bertso-saioa egongo da Oihana Bartras eta Jone Uria bertsolariekin. Azkenik, Larrabetzun “Jantzigintzaren industriako emakumeak” erakusketa ipiniko da ikusgai azaroaren 29ra arte. Zutunik talde feministak antolatuta, Women in black ekintza egingo dute azaroaren 24an, 13:00etan, plazan; eta elkarretaratzea, hilaren 25ean, 19:00etan, plazan. Halaber, azaroaren 28an, 18:30ean, autodefentsa feminista ikastaroa izango da Hori Bai gaztetxean.

Bestetik, herrietako gaztelekuetan eta liburutegietan ere programazio berezia egongo da azaroaren 25aren harira.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).