Ikasleek hasiera emango diote Durangoko Azokako 54. edizioari gaur

Aikor aldizkaria 2019ko abe. 5a, 09:04

Abenduaren 8ra arte, kulturzaleek 200 ekitaldik osatutako egitarauaz gozatu ahal izango dute Azokako zazpi guneetan. Landako Gunean 264 erakusleiho izango dituzte 405 nobedaderekin: 273 liburu, 91 disko eta 16 aldizkari, tartean.

Urtero bezala, Landako Guneko ordutegia 10:30etik 20:00ak arte izango da. Gaur, lehenengo eguna izanik, ate-irekiera ekitaldia 10:15ean izango da, Landako etorbideko atean. Bertan, Arymux artistak zeinu-hizkuntzan egindako ikuskizun laburra egingo du, eta berak irekiko ditu Landako Guneko ateak, Durangoko Azokako 54. edizioari hasiera emateko.

Landako Guneko ateak zabaldu eta, azken urteetan bezalaxe, milaka ikaslek Durangoko Azokako zazpi guneak leporaino beteko dituzte. Euskal Herri osoko ikastetxeak gerturatuko dira Durangora: Agoitz, Portugalete, Usurbil, Ziburu, Sodupe, Bera, Kanbo, Lartzabale, Trapagaran, Durana, Oion, Mutriku eta Otsagabia, besteak beste.

Goiz osoan zehar, ikasleek diziplina ezberdinetako tailerretan parte hartzeko aukera izango dute: "Enkarguz" tailerra, Ahotsenean (Andoni Egaña, Alberto de Abajo eta Xabier Zabalarekin); "Liburu bat egingo dut" tailerra, Areto Nagusian (Euskal Editoreen Elkarteak antolatuta); "Soinu efektuak zinemagintzan", Irudienean (Pixelatuk eta Zineuskadik antolatuta), Moon konputagailu baten funtzionamendua ulertzeko mahai jolasa, Kabi@n; euskal kantagintzaren transmisioa, Plateruenan (Luhartz taldearekin); "Hitzik gabe gelditu ziren ipuinak", Saguganbaran; antzerkia sortzeko lehenengo urratsak, Szenatokian (Karrika antzerki taldearen eskutik); kaligrafia tailerra (Arte eta Historia Museoan) eta kaligrama tailerra (Durangoko Bizenta Mogel Liburutegian).

Aldi berean, Musika Eskolan, DA! PRO egitasmoa antolatuko da lehenengo aldiz, musikari, programatzaile eta diskoetxeen arteko topagunea, hain zuzen. Hamazazpi musika taldek aurkezpenak egingo dituzte musika-industriako kideen aurrean, 10:00etatik 13:00ak arte. Ekimena Musika Bulegoarekin elkarlanean egingo da.

Behin Ikasle Goiza amaituta, Azoka bere ohiko egitarauarekin hasiko da. Ahotseneako zuzenekoen karpan, Mockers, La Basu, Oreka Tx, Iñorkiñak, Xabi Bandini, Xatiro, Willis Drummond eta Sharon Stoner taldeak arituko dira. Solasaldien gunean, bestalde, sortzaile ugarik parte hartuko dute: Yolanda Arrieta, Asel Luzarraga, Iñigo Astiz, Maite Mutuberria, Felipe Juaristi, Mikel Markez, Miren Agur Meabe eta abar.

Areto Nagusian lehenengo aurkezpenekin hasiko dira 13:30etik aurrera, eta hainbat gai jorratuko dituzte: Kikarakada proiektua, EuskarAbentura 2020, Bizkaiko egoitzetako grebalarien testigantzak, eta Alex Txikon mendizalearen "Mundu bat motxilan" batzuk aipatzearren.

Irudienean, Ipar Euskal Herriko ekoizpenak izango dira protagonista: Hiru uhinak dokumentala, Ito fikziozko film labur kolektiboa, Tantaka websaila... Kabi@n proiektu oso interesgarri bi aurkeztuko dira: alde batetik, ZUT aldizkari digital multimedia eta IXA websaila eta bestetik Hirikilabs egitasmoa.

Saguganbaran, areto handian, oso aurkezpen ezberdinak egongo dira: Xapoketan karta-jokoa, Xaxardi haurrentzako ipuinaren aurkezpena, Kokojoko bideo-jokoa eta abar.

54DAko inaugurazio ekitaldia 19:00etan izango da Musika Eskolan. "Oparitarako" izeneko ekitaldia Kepa Errasti aktoreak gidatuko du, eta, bertan, Azokako ordezkari eta babesle publikoetako ordezkariek parte hartuko dute: besteak beste, Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako Lehendakaria, Ima Garrastatxu Durangoko alkatea, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburua, Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidentea, Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako presidentea, Sergio Murillo Bizkaiko Foru Aldundiko Gizarte Ekintzarako Foru diputatua eta Ana Ollo Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko Harremanetarako Departamentuko kontseilaria. Herri-mugimendu eta euskalgintzako kideak ere bertan izango dira.

Urtero bezala, eguna Plateruenan amaituko dute. Lehenengo gau honetan Arabako ska doinuak izango dira protagonista: ETS En Tol Sarmiento taldeak Aukera berriak lana aurkeztuko du (8 euro webgunean eta 10 euro txarteldegian). Unean uneko egitaraua eta sortzaileen sinadura-ordutegiak www.durangokoazoka.eus webgunean kontsulta daitezke egunero.

Durangoko Azokako antolakuntzak dei egiten die bisitariei garraio publikoa erabiltzeko Durangora joateko. Euskotrenek, adibidez, zerbitzu bereziak eskainiko ditu abenduaren 6an, 7an eta 8an: https://www.euskotren.eus/eu/node/9363. Autoa erabiltzekotan, azokazaleek doako autobus-zerbitzua izango dute Iurretako ordainleku alboko aparkalekuetatik Landako guneraino, 20 minutuko maiztasunarekin, 10:30etik 20:00ak arte. http://www.durangokoazoka.eus/eu/gida-praktikoa/aparkalekua-autobusa?view=default

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).