Txorierriko EH Bilduk eskatu du Eurokopa dela-eta aireportuaren ordutegia ez luzatzeko

Aikor aldizkaria 2019ko abe. 18a, 15:55

Loiuko, Sondikako, Derioko, Zamudioko, Lezamako eta Erandioko Udalek (EAJ), bestalde, adierazi dute ordutegiaren luzatzea ohiz kanpokoa izango dela, kirol-ekitaldia Bilborako eta Bizkairako onuragarria izango baita.

Eurokopa ekainaren 15ean, 20an, 24an eta 28an izango da Bilbon, eta, komunikabide batzuetan iragarri dutenez, Bilboko Udalak eskatu du egun horietan aireportua gau osoan irekita egoteko. Horiek horrela, Txorierriko EH Bilduk eskatu du herritarren atsedenerako eskubidea errespetatzeko eta aireportuaren ordutegia ez luzatzeko. Halaber, udalerrietan mozioak aurkeztuko dituzte, “orain arte onartutako akordioak errespetatu daitezen”.

Txorierriko EH Bilduk adierazi du Bilboko Udalaren eskaera “Txorierriko biztanleen gutxieneko bizi-baldintzen kontrakoa” dela. Gainera, gogoratu du Loiuko aireportuan hegaldiak 06:45etik 00:55era izaten direla, eta, ondorioz, “txorierritarron atsedenerako eskubidea bost ordu eta 55 minutukoa” dela. Alderdi abertzalearen ustez, aireportuaren gaur egungo zerbitzua nahikoa da. “UEFAk Bilbo egoitza izatea onartu zuenean, Loiuko aireportuaren ordutegia ere hartu zuen ontzat. Era berean, onartu zuen Loiuko eta Forondako aireportuen artean nahikoa zela jardunaldiek ekarriko lituzkeen joan-etorriei erantzuteko, aireportuen zuzendariek adierazi zuten moduan”.

EH Bilduk gaia eramango du Txorierriko udalbatzetara, “aireportuaren ordutegia ez luzatzeko eta, bide batez, orain arte aho betez egindako eskaerak errespetatu daitezen”. Gogora ekarri duenez, 2015ean aireportuaren ordutegia ez luzatzeko eskaria onartu zen udalerrietan. “Alderdi guztiok sinatu genuen eskera, EAJ barne”.

Luzapen puntuala

Bestetik, Loiuko, Sondikako, Derioko, Zamudioko, Lezamako eta Erandioko Udalek ohar bat kaleratu dute batera. Horretan azaldu dutenez, Bilbo Eurokoparen egoitza izan zedin, UEFAk aireportuan gauean ere hegaldiak egoteko baldintza ipini zuen, eta, hori dela eta, alkateek erakunde hauetako ordezkariekin batu dira: Bizkaiko Foru Aldundia, Eusko Jaurlaritza, Espainiako Gobernuko ordezkariordetza, Loiuko aireportua eta Bilboko Udala.

“Aireportuaren ordutegia San Mamesen partida egongo den hiru edo lan egunetan luzatzea puntuala izango da, kirol-ekitaldia ohiz kanpokoa delako eta Bizkaia osorako onuragarria delako. Berdin-berdin egin zen Errugbiko Europako finalak izan zirenean”, esan dute. Oharrean adierazitakoaren arabera, aireportuaren zuzendaritzari eskatu diote Forondako aireportua 24 orduan erabiltzeari lehentasuna eman diezaiola. “Era berean, eskatu diogu ahalegin berezia egin dezala irteerak ohiz kanpoko hegaldietarako luza daitekeen ordutegi barruan egin daitezen, errugbiko finaletarako egin zen moduan”.

Jakinarazi dutenez, Bilboko Udalari ere egin diote eskaera: UEFArekin etorkizunean egingo diren batzar eta kontratuetan Forondako aireportua lehen aukeratzat har dezala hegazkina erabili behar duten futbolzaleentzat. Azkenik, Loiuko aireportuari dagokionez, herritarren eskubide eta interesen alde egiten jarraituko dutela adierazi dute.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).