Grebaren eragina, nabaria Txorierrin

Aikor aldizkaria 2020ko urt. 31a, 13:29

Atzo greba orokorrera deitu zuten sindikatuen arabera, pertsona ugarik egin zuten bat greba-deialdiarekin. Grebak Txorierrin ere izan zuen eragina eta goiz-goizetik egon ziren mobilizazioak.

Horrela, bada, goizeko 7etan zutabe bi atera ziren Zamudiorantz: bata, Torrelarragoitiko errotondatik; eta bestea, Deriotik. Zutabeetan 300 pertsona inguru batu ziren eta Txorierriko etorbidean trafikoa oztopatu zuten, auto-ilara handiak sortuz. Ondorioz, Parke Teknologikorako sarbideak itxita egon ziren goizeko lehen orduetan eta tentsio-uneak izan ziren zutabeetako partaideen eta ertzainen artean. Piketeak Larrabetzuko industriagunean ere egon ziren. Bestetik, Westrock Zanudioko enpresako langileek bat egin zuten greba-deialdiarekin, eta grebaren eragina handia izan zen Gestamp Derioko enpresan.

Grebaren jarraipena ezberdina izan zen Txorierriko zerbitzuetan, dendetan eta tabernetan. Esan digutenez, Larrabetzuko establezimenduak itxita egon ziren, eta gainerako herrietan asko izan ziren zabalik. Sondikan, esate baterako, taberna batzuek ireki zuten goizean, baina arratsaldean itxita egon ziren. Hezkuntzari dagokionez, Txorierri Institutuko irakasleen eta administrarien % 35ek egin zuten bat greba-deialdiarekin, eta DBHko 3. eta 4. mailetako ikasleen eta Batxilergoko ikasleen % 80k. Larrabetzuko eta Lezamako eskoletan bakarrik gutxienezko zerbitzuak egon ziren, eta Derioko eskolako irakasleen % 54k egin zuten greba; Zamudioko eskolan, 18 irakaslek egin zuten bat grebarekin.   

Arratsaldean, manifestazioa egin zen Sondikan eta bertan Txorierri osotik etorritako 350 pertsona inguruk hartu zuten parte; haien artean, erretiratuak, gazteak eta talde feministen ordezkariak egon ziren.     

Sindikatu antolatzaileek adierazi dute greba arrakastatsua izan zela eta hiriburuetako manifestazioetan 140.000 pertsona inguru bildu zirela. Halaber, azpimarratu dute grebaren eragina handia izan dela sektore publikoan eta nabaria enpresetan, zerbitzuetan eta dendetan. Eusko Jaurlaritzaren, EAJren eta patronalaren ustez, berriz, greba porrota izan zen. 

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).