Bilboko Aireportuaren Plan Zuzentzailea berrikusteko proposamena jendaurrean jarri da

Aikor aldizkaria 2020ko ots. 5a, 14:39

Abiazio Zibileko Zuzendaritza Nagusiak –Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agenda Ministerioaren menpe dagoena– jendaurrean jarri ditu Iraunkortasunaren Txostena eta Bilboko Aireportuaren Plan Zuzentzailea berrikusteko proposamena. Herritarrek eta erakundeek 45 eguneko epea izango dute proposamena aztertzeko eta alegazioak aurkezteko.

Plan Zuzentzailearen bidez, aireko zirkulazioari etorkizunean erantzuna emateko beharrezkoak izango diren azpiegitura berriak aurreikusten dira. Bilboko Aireportuaren Plan Zuzentzailearen proposamenean jaso diren egitasmoen artean hauek daude: aireontziak aparkatzeko plataforma handitzea, gaur egungo terminala birmoldatzea eta handitzea, bidaiarientzako aparkalekuak handitzea, bloke teknikoko eraikin berria egitea langileentzat, aire-kargako eremua aireportuaren iparraldera eramatea, aireportuaren hegoaldea berrantolatzea hegazkintza orokorreko eta exekutiboko bidaiarientzat eta zentral elektrikoa eta erregaien eremua handitzea. Egitasmoek eragina izango lituzkete hurrengo udalerri hauetan: Derio, Erandio, Loiu, Sondika eta Zamudio.

Iraunkortasunaren Txostena eta Bilboko Aireportuaren Plan Zuzentzailea berrikusteko proposamena Gobernuaren Bizkaiko Ordezkariordetzan (Bilbo) eta www.mitma.gob.es/el-ministerio/buscador-participacion-publica webgunean kontsultatu daitezke. Alegazioak aurkezteko azken eguna 2020ko apirilaren 14a izango da.   

  

 

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).