Koronabirusa

Hainbat entrenamendu eta partida bertan behera gelditu dira koronabirusa dela-eta

Aikor aldizkaria 2020ko mar. 12a, 13:03

Koronabirusak pandemia sortu du, hau da, mundu mailan zabaldu da. Euskal Herrian eta noski, Txorierrin, erakundeak gaixotasun horrek elkar kutsatzeko arriskua ekiditeko neurriak dabiltza hartzen apurka-apurka. Kirolari dagokionez, talde batzuek iragarri dute beheko mailetako taldeen entrenamenduak bertan behera utziko dituztela.

Euskadiko Futbol Federazioak erabaki zuen atzo “bere eskumenaren menpe dauden txapelketa guztietako partidak bertan behera uztea”. Horrek esan nahi du ez dela maila hauetan partidarik jokatuko: Hirugarren Maila, Gazteen Nazional Liga, Gazteen Euskal Liga, Kadeteen Euskal Liga, Emakumeen Euskal Liga eta Areto Futboleko Hirugarren Maila eta Euskal Liga. Hegalariak Sondikako taldeak bat egingo du erabakiarekin eta ez du momentuz partidarik jokatuko.

Federazioak uste du “Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Futbol Federazioak emandako aholkuak kontuan hartuta, neurri hauek hartzea dela egokiena”. “Sor daitezkeen eragozpen eta kalteak sentitzen ditugu, baina gure pertsona federatuen, zuzendaritza kideen, eta zaleen segurtasun eta osasun handiagoa izan dezaten, osasun agintari eskudunen gomendioak jarraitzen dira”, aipatu du Federazioak.

Bizkaiko Futbol Federazioak ez du oraindik adierazpenik plazaratu, gaia Bizkaiko Foru Aldundiarekin eta Eusko Jaurlaritzarekin aztertzen dabilelako. Dena dela, Uritarra Larrabetzuko futbol taldeak esan du eskolako entrenamendurik eta partidarik ez dela egingo. Zamudio KE taldeak ere hartu du erabaki bera.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).