Azaldutakoaren arabera, Txorierriko hainbat leku gogor garbitzen dabiltza eta arreta berezia ipintzen dute kutsatzeko arriskua egon daitekeen tokietan: anbulatorioak, supermerkatuak, farmaziak, hiri-altzariak, barandak, postontziak eta edukiontziak, esate baterako. Goizero, garbiketa-ibilgailuek tenperatura handiko presiopeko urarekin eta desinfektatzaileekin garbitzen dituzte aipatutako lekuak zein zabor-edukiontziak; ostean, beste talde batek eskuz fumigatzen ditu leku horiek, desinfektatzaileak erabilita. Garbiketak bi xede ditu: alde batetik, prebentzioa; eta bestetik, garbiketa indartzea.
Bestalde, astean behin tresnak biltzeko zerbitzua bertan behera gelditu dela jakinarazi dute. “Eskertuko genizueke eremu publikoetan tresnarik ez uztea; tresna horiek kentzea arriskutsua da garbiketako langileentzat, eta denbora kentzen die gaur egun lehentasuna duten lanei”. Azkenik, esan dute ikusi dutela pertsona batzuk hondakinak edukiontzietatik kanpo uzten dabiltzala. Gogora ekarri dute, infekzio-fokuak sortzeaz gainera, jarrera hori bilketako langileentzat arriskutsua dela.