Ermitak iluntasunean

a: Alex Albarrán 2020ko mar. 31a, 17:12

Alex Albarrán zamudioztarrak herriko bost ermitak fotografiatu ditu gauez, eta egindako argazki ederrak ekarri ditu orrialde hauetara irakurleekin partekatzeko. “Hainbat lekutan ikusi ditut ermiten argazkiak baina guztiak egunez aterata zeuden eta horregatik animatu nintzen gauez egitera, ea zelan irtengo ziren. Lehenengo ermita fotografiatu, eta emaitza polita zela ikusi nuen: aurrera jarraitzeko akuilua izan zen hori”, azaldu digu.

Proiektuak denbora eskatu dio. Horrela, bada, irailaren amaieran hasi, eta azaroaren amaieran amaitu zuen. “Alde batetik, astia izan behar da; eta beste alde batetik, eguraldiaren menpe zaude: hotza, euria… Gainera, argazkiren bat errepikatu behar izan nuen, ordenagailuan ikusi nuenean konturatu nintzelako beharbada beste teknika bat erabilita hobeto gelditu zitekeela”. Material egokia izatea ere inportantea da, eta gertalekua presarik gabe eta azken xehetasuna ere zainduta atontzea. “Argiztapen egokia lortzeko, haririk gabeko flash-kliskagailuak erabili nituen, linternak…”. Alabaina, tamalez, argazkia ez da beti lehen saiakeran ateratzen. “Saiakuntza eta akatsa ezinbestekoak dira hobetzeko eta ikasteko”.

Albarrán aire girotuko teknikaria da eta argazkigintzarako zaletasuna lankide batek piztu zion orain dela urte asko. “Berak egindako lanak erakusten zizkidan, eta, jakin-minaren eraginez, han eta hemen arakatzen joan nintzen, kuxkuxeatzen, ikasten, materiala erosten…”. IZAE Zamudioko argazki-elkarteko kidea da gaur egun. “Argazkigintza poztasun handia dakarren zaletasuna da, ekinaren ekinez emaitzak ikusten direlako, nahiz eta batzuetan nahi dena lortzen ez den”. Aipatu digutenez, denetariko argazkiak egiten ditu. “Paisaia gehiago, agian. Erretratuak ere egiten ditut: gustatzen zaizkit, beste argiztapen-teknika batzuk erabili behar direlako. Rally-zalea ere banaiz, eta argazki-kamara probetara eraman ohi dut. Era berean, argazki artistikoagoak egiten saiatzen naiz, eta promoziorako argazkiak egin dizkiot Broken Izotz taldeari”. Hurrengo proiektua buruan du dagoeneko eta erretratua izango du ardaztzat.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).