Koronabirusa

Autonomoek sei aste gehiago izango dute aitorpena Aldundian aurkezteko

Aikor aldizkaria 2020ko api. 2a, 19:48

Foru Ogasunak neurri berriak onartu ditu langile autonomoen, mikroenpresen eta enpresa txikien tributu-betebeharrak malgutzeko, Covid-19ren ondorioei aurre egiteko behar duten likidezia izan dezaten. Hauek bat egiten dute martxoaren 17ko 1/2020 Foru Dekretu Arauemailean onartutako neurriekin.

Autonomoek eta enpresa txikiek apirilaren 14rako aurkeztu behar zuten aitorpena, baina dekretu berriaren arabera, sei aste beranduago egin ahal izango dute, epea ekainaren 1era arte luzatu baitute. Neurri horren barruan sartzen dira nahitaez telematikoki aurkeztu behar direnak. Epe berbera, ekainaren 1era arte, izango dute apirilean aurkeztu beharreko aitorpenek eta autolikidazioek, hilekoek eta hiru hilean behingoek. Sei milioi eurotik gorako eragiketa-bolumena duten enpresei ere luzatu zaie epea: lehen martxoan egin behar zuten; eta orain, apirilaren 14ra arte. Gainerako entitateek eutsiko diote epea, apirilaren 27ra arte.

Halaber, salbuespenezko arauak ezarri dira jakinarazpen telematikorako. Dekretu horrek eten egiten ditu administrazio-prozedurak martxoaren 16tik ekainaren 1era bitartean; PFEZaren likidazio-proposamenak izan ezik, maiatzaren 4an itzulketak egiten hasi ahal izateko. Itzulketa horietako batzuetan, telematikoki egingo da. Soilik posta bidezko jakinarazpenak jasotzea aukeratu duten zergadunek Foru Ogasunaren egoitza elektronikoan ere izango dituzte eskura jakinarazpen horiek. Dena dela, posta bidezko jakinarazpena egingo da ahal bezain laster. Egoitza elektronikora sartzeko, Aldundiak identifikazio digitalerako metodo bat eskainiko du datozen asteetan.

 

Beste neurri batzuk

Azkenik, Aldundiak beste neurri batzuk ere ezarri ditu: autonomoek ez dituzte 2020ko lehen eta bigarren hiruhilekoetako PFEZaren ordainketa zatikatuak egin beharko; urtebete atzeratu da Batuz sistemaren nahitaezko ezarpena; beste tributu-prozedura batzuk eten edo luzatu egin dira; eta onartutako gerorapenen ordainketa hilabete atzeratu da.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).