Etxealditik Euskaraldira ekimena martxan ipiniko da datorren astean

Aikor aldizkaria 2020ko api. 16a, 13:51

Ekimenak helburu nagusi bi ditu: alde batetik, etxekoekin eta etxetik ditugun hizkuntza-ohituren gainean pentsaraztea; eta bestetik, euskararen erabilera sustatzea horretarako bitartekoak eskainiz. Egitasmoa astelehenean, apirilak 20, ipiniko da martxan Euskaraldiaren eta herri batzordeen gizarte-sareen bidez.

Bizi dugun egoera kontuan izanda, etxean eta etxetik ditugun harreman komunikatiboetan euskara gehiago, gehiagorekin eta gehiagotan egiteko gonbitea da Etxealditik Euskaraldira ekimena. Era berean, Euskaraldiaren bigarren edizioa– azaroan eta abenduan egingo da– prestatzeko baliagarria izatea du helburu. “Bizi dugun egoera ezohiko honetan, oraindik ere, zerbait baldin badaukagu elkarrekin hitz egiteko aukera, gogoa eta nahia dira. Orain ditugun ia harreman gehienak hurbilekoekin ditugula jakinda, erabiltzen dugun hizkuntzaren gainean pentsatu eta aldaketak egiteko pausoa emateko aukera aproposa izan daitekeela iruditzen zaigu. Izan ere, etxeko konfiantza giroan aldaketak egin edo ditugun ohiturak finkatzen baditugu errazagoa izango da gerora, etxetik kanpo ditugun ohiturak aldatzen joatea”, azaldu du Rita Aldabaldetreku Euskaraldiko koordinatzaileak.

Ekimenak hiru aldi nagusi izango ditu: aurkezpena, norberak bere eremu hurbilean dituen hezkuntza-portaera eta ohituren gaineko hausnarketa eta ohiturak aldatu edo finkatzeko ideien proposamena. Ekimenean parte hartzeko jarraibideak goizero-goizero emango dira Euskaraldiko Facebook, Instagram eta Twitter kontuetan, ahobizi zein belarriprest Telegram kanaletan eta Euskaraldiko webgunean, bideo eta mezu laburren bidez. Gainera, eguneroko argibideei herrietako batzordeetako sare sozialen bitartez ere jarraitu ahalko zaie.

Faseak

Lehen mezua eta ekimenaren aurkezpena apirilaren 20an bertan plazaratuko dira, eta apirilaren 21etik 23ra, hizkuntza-ohituren gaineko hausnarketa egiteko proposamena zabalduko da. “Norekin eta nola hitz egiten dugun eta zer aldatu edo zer mantendu nahi dugun ikusteko ariketa erraz bezain interesgarria proposatuko diegu herritarrei”, gaineratu du Aldabaldetrekuk. Azkenik, apirilaren 24tik 30era, egunerokotasunean eta ohiko egoeretan oinarritutako zazpi ideia-proposamen kaleratuko dira. “Egunero ideia bat sareratuko dugu, baina herritarren aukera izango da denak egitea edo batzuk aukeratu eta gauzatzea. Bakoitzak bere nahi eta erritmoetara egokitzea da asmoa; ez dugu inor estutu nahi, aukerak eman besterik ez”. Zazpi ideia horien azalpen-bideo edo proposamenak Euskal Herriko Euskaraldia batzordeetako zenbait ordezkarik eta kultur arloko zenbait lagunek egingo dituzte. Ekimena maiatzaren 3an amaituko da ekitaldi bateratu baten bidez. “Ekitaldi horren inguruko azalpenak apirilaren 30eko proposamenean azalduko ditugu. Baina komunitateari ikusgarritasuna eta batasuna ematea izango du helburu”.     

Herritarren parte-hartzea

Antolatzaileek ekimena bere egiteko eta bertan modu aktiboan parte hartzeko deia egingo die herritarrei. Horretarako, herritarrek sare sozialen bidez zein fisikoki parte hartzeko bideak izango dituzte. Esaterako, ekimenean zehar sortutako bideoak edota aterako argazkiak sareratu ahalko dituzte. “Aukera honi helduz gero, bereziki garrantzitsua da @euskaraldia aipamena eta #EtxealditikEuskaraldira baliatzea guztiok guztion berri izateko eta Euskaralditik bilketa lana egitea ahalbideratzeko”. Etxeko lehioetan eta balkoietan koloretako puntu bat jartzeko eskatuko zaie partaideei, ekimenean parte hartzen dabiltzala adierazteko.

Koronabirusaren gaineko azken datuak Txorierrin hemen

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).