Kontrabandisten Udaleku Ibiltaria egingo dute abuztuan

Aikor aldizkaria 2020ko eka. 10a, 10:49

Egitasmoa kontrabando-bideetan dago oinarrituta, eta hauek antolatu dute laugarren aldiz: Oiartzungo Arritxulok, Arantzako Atarpek eta Beintzako Aterpetxeak. Kontrabandisten Udaleku Ibiltarian Euskal Herriko 14-17 urteko gazteek hartu ahalko dute parte. Txanda bitan banatuta, gazteak zazpi egunez Oiartzungo Arritxulotik Beintza-Labaiengo aterpetxera joango dira, eta gauak Arantzako aterpean eta Leurtzako urtegian egingo dituzte.

Zazpi eguneko egitasmoa da eta euskara bultzatzea ere badu helburu. XX. mendearen hasieran kontrabandistek zeharkatu zituzten bidezidorretan barna, gazteak Arritxuloko aterpetxetik (Oiartzun) atera, eta Beintza-Labaiengo aterpetxera iritsiko dira.  Abuztuan txanda bi egongo dira, gehienez 20 lagunekoak: lehenengoa abuztuaren 2tik 8ra izango da, eta bigarrena, abuztuaren 16tik 22ra. Udalekuak 285 euro balio du.

Aiako Harriko, Artikutzako eta Leurtzako paraje ederraz gozatzeaz gainera, gazteak Arantzako zuhaitz-parkean eta Beintzako Lezealde kobazuloan ibiliko dira. Ibilaldiak egunez egingo badituzte ere, bizkarrean motxila dutela, kontrabandistek garai batean paketeak eramateko erabili zituzten bidexkatan barna ibiliko dira. Gainera, gau batean, kontrabandoan aritutako Etxalarko Xanti Elizagoienekin solasaldia izango dute afalostean.

Informazio gehiago: www.euskarazblaiudalekuak.com eta 948 592 323 telefono-zenbakia.  

 

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).