AEK-k euskaltegietan 2020-2021 ikasturterako aurrematrikula egiteko epea zabaldu du

Aikor aldizkaria 2020ko eka. 18a, 08:51

AEK datorren ikasturtea prestatzen hasi da, eta, betiere unean uneko osasun-neurrietara egokituta, helburu nagusia urritik aurrera ohiko ikastaroekin jarraitzea da. Hala, euskaltegietan aurrez aurreko taldeak izango dira, eta autoikaskuntza, onlineko ikastaroak eta jardun biko eredua ere eskainiko dituzte. Halaber, Foruko barnetegia berriro irekiko dute urte osoan.   

AEK-k Euskal Herriko 100 euskaltegitan baino gehiagotan eskaintzen ditu euskara ikastaroak. Gainera, aurten aurrematrikula webgunean egiteko aukera zabaldu dute lehenengoz. Izena uztailaren 8ra arte eman daiteke eta egun hori baino lehen egiten dutenek % 5eko beherapena izango dute. Era berean, ordainketa malgutasunez egin ahalko dute, ohiko ordainketa-epeei beste epe bat gehituko baitzaie, eta lehentasuna izango dute taldeak eratzeko orduan. Izen-ematea www.aek.eus webgunean egin daiteke, AEKren edozein euskaltegitan edo 673 200 100 eta 946 464 000 telefono-zenbakietara deituta.

Bestalde, aipatu beharra dago AEKn plan berezi bat osatzen dabiltzala, alde batetik, gaur egungo ezohiko egoerara egokitzeko, eta bestetik, urritik aurrera etor daitekeen egoerari aurre egiteko irtenbiderik onenak topatzeko.