EAJ, Txorierrin ere garaile; EH Bildu, bigarrena

Aikor aldizkaria 2020ko uzt. 13a, 09:17

COVID-19aren eraginez, ezohiko hauteskundeak izan ziren atzokoak, zeinetan maskara eta gel hidroalkoholikoa nagusi izan baitziren. Emaitzei dagokienez, EAJk 31 eserleku lortu ditu Eusko Legebiltzarrean, 2016an baino hiru eserleku gehiago. EH Bilduk, bestalde, 22 eserleku eskuratu ditu, lau gehiago. Gainerako alderdiek emaitza hauek izan dituzte: PSEk, 10 eserleku (bat gehiago); Elkarrekin Podemosek, sei eserleku (bost gutxiago); PP+Cs-ek, bost eserleku (lau gutxiago); eta VOXek, eserleku bat. EAJk Txorierrin ere eskuratu ditu boto gehien: 5.128 boto (5.602 boto, 2016an); eta EH Bildu bigarren alderdia izan da: 2.791 boto (2.527, 2016an).

Hurrengo lerroetan, Eusko Legebiltzarrean eserlekuak lortu dituzten alderdiek Txorierrin izandako emaitzak batu dira. EAJk 1.272 boto izan ditu Derion (1.448, 2016an); 392 boto, Larrabetzun (458, 2016an); 776 boto, Lezaman (745, 2016an); 753 boto, Loiun (803, 2016an); 1.131 boto, Sondikan (1.286, 2016an); eta 804 boto, Zamudion (862, 2016an). EH Bilduk 689 boto eskuratu ditu Derion (503, 2016an); 619 boto, Larrabetzun (598, 2016an); 339 boto, Lezaman (376, 2019an); 179 boto, Loiun (162, 2016an); 489 boto, Sondikan (413, 2016an); eta 476 boto, Zamudion (475, 2016an).

Beste aldetik, PSEk 436 boto lortu ditu Derion (440, aurreko hauteskundeetan); 14 boto, Larrabetzun (12); 51 boto, Lezaman (43); 55 boto, Loiun (51); 186 boto, Sondikan (161); eta 110 boto, Zamudion (96). Elkarrekin Podemosek 213 boto eskuratu ditu Derion (510, aurreko hauteskundeetan); 39 boto, Larrabetzun (75); 55 boto, Lezaman (121); 46 boto, Loiun (113); 144 boto, Sondikan (287); eta 60 boto, Zamudion (188).

PP+Cs-ek 109 boto izan dituzte Derion (235, 2016an); 14 boto, Larrabetzun (26); 14 boto, Lezaman (49); 61 boto, Loiun (148); 107 boto, Sondikan (215); eta 29 boto, Zamudion (67). Azkenik, 45 lagunek eman diote botoa VOXi Derion; zazpi lagunek, Larrabetzun; sei lagunek, Lezaman; 26 lagunek, Loiun; 17 lagunek, Sondikan; eta zortzi lagunek, Zamudion.

Abstentzioa 44,33koa izan da Derion (% 24,09, 2016an); % 28,28koa, Larrabetzun (% 24,09); % 32,23koa, Lezaman (% 26,74); % 34,94koa, Loiun (%27,96); % 38,87koa, Sondikan (% 30,43koa); eta % 38,08koa, Zamudion (31,91koa).