"Koko dragoi txikia, oihanean" umeentzako filma estreinatuko da gaur euskaraz

Aikor aldizkaria 2020ko ira. 11a, 10:16

Gaur estreinatuko da Euskal Herrian Koko dragoi txikia, oihanean animaziozko filma. Pelikula alemaniarra euskarara bikoiztu da, “Zinema Euskaraz” programari esker, Eusko Jaurlaritzak zinemagintzan euskara sustatzeko plana, alegia.  

Filmean Koko, Oskar eta Matilderen gorabeherak daude ikusgai. Koko su-dragoia eta Oskar gourmet dragoia elkarrekin joan dira oporretan, tribu bien arteko adiskidetasuna sustatzeko. Hala ere, protagonistak triste jarri dira Matilde arantzurdea, lagun kuttuna, dragoia ez izateagatik bidaiatik kanpo utzi baitute. Horregatik, Kokok eta Oskarrek erabaki dute Matilde oporraldietara eramatea. Anthony Power zuzendariaren film hau 2015ean eman zen lehendabiziko aldiz eta haurrei zuzendutako ipuinetan eta telesaioan dago oinarrituta. Estatuan, La Galera argitaletxeak kaleratu ditu ipuinak.

Pandemiak eragin handia izan du ikus-entzunezkoen sektorean eta Zineuskadi elkarteak hori  suspertzeko egiten du lan. Besteak beste, erakunde hauek osatzen dute Zineuskadi: Eusko Jaurlaritza, Ibaia (Ikus-entzunezkoen euskal ekoizle burujabeen elkartea), EPE/APV (Euskal produktoreen elkartea) eta EZAE (Euskadiko zine aretoen elkartea). Zineuskadik Koko dragoi txikia, oihanean filmaren estreinaldia bultzatu du, itxialditik atera ginenetik egin duten bigarrena.

Pelikula zinema hauetan egongo da ikusgai: Golem Alhondiga eta Multicines 7  (Bilbo), Golem La Morea (Iruña), Getxo Zinemak, Gran Cinema Zugaza (Durango), Gorbeia (Gasteiz), Niessen (Errenteria) eta Principe (Donostia).

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).