Euskaraldian izena emateko epea ireki da

Aikor aldizkaria 2020ko ira. 24a, 13:41

Oraindik hilabete bi falta dira Euskaraldiari hasiera emateko, baina ekimen horren bigarren edizioan parte hartzeko epea dagoeneko zabaldu da. Aurreko edizioan moduan, parte hartzaileak ahobizi eta belarriprest rolekin arituko dira azaroaren 20tik abenduaren 4ra bitartean. Euskaraldia hizkuntza ohiturak astintzeko ariketa soziala dela gogora ekarri dute antolatzaileek, euskararen erabilera bultzatzeko ariketa.

Izena emateko hiru bide egongo direla azaldu dute: euskaraldia.eus webgunea, batetik, herriz-herri antolatuta dauden batzordeen bidez, bestetik, eta datorren astetik aurrera eskuragarri egongo den telefono aplikazioa azkenik. Euskaraldian 16 urtetik gorakoek izena eman dezakete. Euskara ulertzeko gaitasuna gutxienez izan behar dute partaideek, baina hortik aurrera, bakoitzak erabakiko du zein rol den berarentzat egokiena. Modu kontziente eta borondatezkoan, hizkuntza ohiturak astindu edo euskararen erabileran aurrerapausoak eman nahi dituzten lagunek 15 egunetan bete nahi duten rola erabaki eta izena eman ahal izango dute.

Belarriprestek euskara ulertzen dute eta beraiekin euskaraz aritzea nahi dute. Ulertzen duten guztiekin ez dute uneoro euskaraz hitz egingo agian, baina ahal eta nahi duten guztietan egingo dute. Gakoa jokaeran dago eta ez gaitasunean. Ahobiziei dagokienez, euskaraz ulertzen ote duten ez dakienean lehen hitza, beti, euskaraz izango da; mintzakideak euskaraz ulertzen badu, euskaraz jarraituko dute beti. Gakoa ahal den guztietan euskaraz egitea da, jokaerak definitzen du rola, alegia.

Ekitaldiaren aurkezpena gaur izan da Gasteizen eta hainbat eragile ibili dira bertan: besteak beste Arrate Illaro Euskaraldiko koordinatzailea; Kike Amonarriz Euskaltzaleen Topaguneko presidentea;  Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramale eta Kultura eta Hizkuntza Politikarako sailburua; Ana Ollo Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko Harremanetarako kontseilaria, Gorka Urtaran Gasteizko alkate eta EUDELeko presidentea… Horiek guztiek parte hartzeko dei zabala egin dute. Era berean, izen-ematea abiatzeko ekitaldia arratsaldean egingo da, 7:00etatik aurrera, Bergarako Seminarixoan. Ekitaldian, besteak beste, Euskaraldiaren bigarren edizioaren kantua eta bideoklipa aurkeztuko dira. Emanaldia www.aikor.com webgunean zuzenean ikusteko aukera egongo da.   

 

Profil anitza

Lehen edizioko parte hartzaileen profila oso anitza izan zen. Aurten ere aniztasun horri eustea izango da helburua, iaz gutxiago parte hartu zuten adin tarte eta profiletan sakonduz: 16-30 urte arteko gazteak, gizonezkoak eta belarriprest jokabidea hartuko dutenak. ““Herri batzordeak eta ariguneak aktibatuta dauden honetan, herritarrei deia egin nahi diegu belarriprest edo ahobizi modura Euskaraldian parte har dezaten. Lehen edizioan parte hartu zuten kideak berriz gurekin aritzea nahi dugu, baina baita kide berriak ere: bakoitzak nahi eta ahal duen jokabidea hartuta egin daiteke ariketa”, esan du Arrate Illaro Euskaraldiko koordinatzaileak.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).