Dantza-talde bakoitzak bere herrian ospatuko du Euskal Herriko Dantzari Eguna

Aikor aldizkaria 2020ko ira. 30a, 10:51

Euskal Dantzarien Biltzarrak (EDB) jakinarazi du zapatuan, urriak 3, Euskal Herriko Dantzari Eguna ospatuko dutela. Hala ere, COVID-19ak eragindako egoera dela eta, aurtengo ekitaldia ezohikoa izango da eta dantza-talde bakoitzak bere herrian ospatuko du eguna. Taldeek gizarte-sareen bidez zabalduko dute euren dantza-saioa, eta “grabazio guztiak erabilita bideo bat sortuko da. Bideoa EDBko artxiboan geratuko da, bizi izan dugun ezohiko urtea gogoratzeko”.

Euskal Herriko Dantzari Egunean 56 dantza-taldek hartuko dute parte: 46, Euskal Herrikoak, eta 10, euskal diasporakoak. “Dantzari Eguna ezberdina da, baina ez erakargarritasun gutxiagokoa. Formatua guztiz aldatu den arren, funtsezkoena mantentzen du: Euskal Herriko dantza tradizionalak. Aldaketa horiei esker, euskal diasporako taldeek parte hartu ahalko dute,eta dantzek malgutasun eta errepertorio handiagoa izango dute”.  

Azaldu dutenez, EDBren helburu nagusia dantza-taldeek Euskal Herriko folklorea eta dantzak sustatzen eta zabaltzen jarrai dezatela bultzatzea da. “Hori guztia lurralde bakoitzean une  bakoitzean indarrean dauden osasun-eta segurtasun-gomendioak kontuan hartuta.Mezua argia da:​ Martxan jarri eta jarduerari ekin behar diogu berriro. Horretarako, beharrezko neurriak hartu behar ditugu, bizi dugun unearekin bat datozen baldintza seguruak bermatzeko."