Ipuin-lehiaketa martxan

Aikor aldizkaria 2020ko urr. 5a, 10:39

Txorierriko Mankomunitateak ipuin-lehiaketa antolatu du 23. aldiz. Gaia librea dela, lanak euskaraz idatzi beharko dira eta azaroaren 27ra arte aurkeztu ahalko dira Mankomunitateko Euskara Zerbitzuan edo Txorierriko liburutegietan. Ipuinek aurretik argitaratu barik egon beharko dute eta, besteak beste, imajinazioa, kreatibitatea eta aurkezpena hartuko dira kontuan irabazleak aukeratzeko orduan.

Orotara bost kategoria izango dira: A kategoria, zazpi urtera artekoentzat; B kategoria, zortzi eta bederatzi urtekoentzat; C kategoria, 10 eta 11 urtekoentzat; D kategoria, 12 urtetik 15 urtera artekoentzat; eta E kategoria, 16 urtetik gorakoentzat.

Lanak ez dira lau orrialde baino luzeagoak izango eta parte-hartzaile bakoitzak ezingo du lan bat baino gehiago aurkeztu. Lanak gutun-azal handi batean aurkeztuko dira eta kanpoaldean kategoria eta idazlearen udalerria baino ez dira idatziko; barruan, ipuina eta beste gutun-azal txikiago bat sartuko dira. Gutun-azal txikiaren barruan datu hauek idatziko dira: izen-abizenak, helbidea, adina eta telefonoa.

Kategoria bakoitzeko sari bat egongo da. Horretaz gainera, kategoriako eta herriko accesit bi emango dira. Accesitak Loiuko, Sondikako, Derioko, Zamudioko, Lezamako eta Larrabetzuko saririk gabeko ipuin onenei emango zaizkie. Sariak noiz eta non banatuko diren aldez aurretik jakinaraziko da.

Saritutako lan guztiak Txorierriko Mankomunitatearen eskuetan geratuko dira eta horrek erreprodukzio- eta hedapen-eskubideak izango ditu; gainerako ipuinak 2021eko urtarrilean batu ahalko dira Mankomunitatean bertan. Mankomunitateak irabazleen izen-abizenak bere webgunean argitaratuko ditu, eta, adin txikikoen lege-ordezkariek kontrakoa esaten ez badute, adingabeko parte-hartzaileen irudiak jaso eta argitaratu ahalko ditu webgunean, aldizkarietan, karteletan eta abarreko euskarrietan.