Banda zabal ultrabizkorra landaguneetara ere ailegatuko da

Aikor aldizkaria 2020ko urr. 7a, 10:54

Bizkaiko Foru Aldundiak jakinarazi duenez, 10 milioi euroko inbertsioa egingo dute 2023an Interneterako sarbide ultrabizkorrak lurraldeko udalerri, eremu periferiko eta nekazaritzako inguru guztietara ailegatu daitezen. Ekimena Bizkaia Aurrera planaren barruan dago eta landaguneetako eta kanpoaldeetako 7.600 etxebizitza baino gehiagotara eramango du Internet; Txorierrikoak, tartean. Gutxienez 300 mega simetrikoko abiadurako Interneterako konexioak izango dira eta populazio handiko eremuetako merkatu-baldintza berberak izango dituzte.

Unai Errementeria ahaldun nagusiaren hitzetan, oso egitasmo garrantzitsua da Foru Aldundirako, “Bizkaiko pertsonen arteko eta udalerrien arteko berdintasuna are gehiago sendotzea ekarriko duelako”. Horri lotuta, digitalizazioa bultzatzeko inportantzia azpimarratu du, “Internet pertsonen, enpresen, autonomoen eta enpresa txiki eta ertainen aliatu handia delako, baita hezkuntza eta bizi-kalitate hobeak lortzeko bidea ere”. Proiektua Next Generation Europako funtsetara aurkeztuko dute.  

Banda zabala lurralde osora hedatzeko, lehiaketa publikoaren bidez, Bizkaiko Foru Aldundiak dirulaguntza baterako deialdia egin du. Hamar milioi euroko dirulaguntza izango da eta azpiegitura digitala zabaltzeko gastuaren % 90 ordaintzeko erabiliko da. Imanol Pradales Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako diputatuak adierazi duen moduan, operadoreek baldintza batzuk bete beharko dituzte dirulaguntza eskuratzeko, hala nola gutxienez 300 mega simetrikoko sarbidea eskaintzea biztanle askoko eremuetako merkatu-eskaintzen antzeko baldintza ekonomikoetan, alta-eskaerei gehienez 10 eguneko epean erantzutea eta matxuren % 95 24 ordu baino gutxiagoan konpontzea.

Banda zabala 2023ko ekaina baino lehen zabaldu beharko da 7.620 ataritara. Dirulaguntza esleitutakoan, lanak 2020ko amaieran edo 2021eko hasieran hasiko dira eta, lanek aurrera egin ahala, abiadura handiko sarbidea pixkanaka iritsiko da atari horietara.   

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).