Tokiko merkataritza eta erosketak euskaraz egitea sustatzeko kanpaina ipini da martxan

Aikor aldizkaria 2020ko aza. 6a, 13:42

Alkarbidek (Bizkaiko euskara zerbitzuen bilgunea), Txorierriko Mankomunitateak eta Bizkaiko beste udalerri batzuek Kaishop, zer behar duzu? kanpaina ipini dute martxan, Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzaz. Egitasmoak tokiko merkataritza eta euskara batu ditu, bien balioa azpimarratzeko.

Kanpaina bihar hasiko da eta azaroaren 20ra arte iraungo du. Egitasmoak tokiko merkataritzak eskaintzen duen tratu pertsonala eta gertukoa nabarmentzea du helburu. “Izan ere, kalitateko produktuak gertu eskuratzeko aukera ematen du, gure beharretara egokitzen den zerbitzu bati esker”, azaldu dute sustatzaileek. Halaber, euskarak tokian tokiko merkataritzan duen garrantzia azpimarratu nahi da. “Euskara guztiona da, jantzia, osoa, aberatsa, gertukoa… kalitatekoa. Batzuetan, beste hizkuntza batzuetan erostean deseroso edo arrotz sentitu gaitezke”. Kanpainaren bidez, txorietarrei herrian eta euskaraz erosteko gonbidapena egin nahi diete.

Azaroaren 20ean, Kaishop kanpaina amaitu, eta Euskaraldia hasiko da. “Kanpainaren datak Euskaraldiarekin lotzea ez da kasualitatea izan: gai berari heltzeko bi modu ezberdin dira eta elkar elikatzen dute. Kaishop kanpaina amaitu ondoren ere, Txorierriko merkatariek jarraituko dute bezeroei euskaraz agurtzen eta arreta emanez”.  Sara Gandara Aller Lezamako kazetariak egitasmoan hartu du parte. Bestalde, datozen egunotan kanpainari lotutako hainbat eduki zabalduko dira gizarte-sareetan.