Elkarteek aipatu dute pandemiak lan ikaragarria ekarri diela: dokumentazioa, ikastaroak… Gainera, protokolo zehatz bati aurre egin behar diote: ibilbideak, seinalizazioa, aforoak, desinfekzioa, tenperatura hartu… Hau da, “erantzukizuna” erakutsi dute. “Hala ere, Eusko Jaurlaritzak ez du hori guztia kontuan izan eta ez digute entrenatzen uzten”.
Oharrean aipatu dutenez, kirola bertan behera uzteak arazoak ekarriko ditu. “Klubak hustu egingo dira, jendea kiroletik aldenduko da eta beste jarduera indibidual eta asozialago batzuetara joko du… Eta kirolik egiten ez badute, ez dute aisia pasatzeko alternatiba handirik izango: kalean egongo dira elkarrekin, ziur asko distantzia barik, maskara barik, desinfektatzen ez diren parkeetan”. Era berean, taldeko entrenatzaileak eta monitoreak langabezian geldituko dira eta, ondorioz, “kirolaren inguruko sarea desagertuko da”.