21 lagun kontratatuko dira Eskualdeko Enplegu Planaren bidez

Aikor aldizkaria 2020ko aza. 25a, 12:58

Eskualdeko 2020ko Enplegu Planak Txorierrin enplegagarritasuna sustatzea du helburu, eta, horretarako, 21 lanpostu eskainiko ditu. Lan-eskaintzak laneratzeko zailtasunak dituzten pertsonentzat dira eta Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuak kudeatuko ditu EGAZ Txorierrirekin batera.

Zehatz-mehatz, lanpostu hauek eskainiko dira: arkitekto tekniko bat, 14 administrari-laguntzaile eta sei peoi. Lanpostuaren arabera, lan-kontratuak hiru hilabetetik sei hilabetera bitartekoak izango dira, eta lanaldia, % 50etik % 100era bitartekoa. Kontratazioak Txorierriko Udalek eta EGAZ Txorierrik egingo dituzte.

Eskaintzetara jo ahal izateko, hautagaiek Txorierriko udalerrietako batean erroldatuta egon behar dute, langabetuak izan, eta Lanbiden izena emanda egon; halaber, aurreko deialdietan kontratatutakoek ezin izango dute aurtengo deialdian parte hartu. Bestalde, kontratazioen % 30 diru-sarrerak bermatzeko errenta jasotzen dutenentzat izango dira; gainerakoak, hauentzat: 35 urtetik beherakoentzat, kontratatu aurreko 180 egunetan enplegu-eskatzaile gisa izena emanda dauden 45 urtetik gorakoentzat, 55 urtetik gorakoentzat, luzaroko langabetuentzat eta gizartetik kanpo gelditzeko arriskuan daudenentzat. Halaber,  gutxienez kontratatutakoen % 40k emakumezkoak izan beharko dute, eta % 15ek, 55 urtetik gorakoak.

Lanbideren curriculumean aldaketarik egin nahi izanez gero, hori azaroaren 30a baino lehen egin beharko da. Informazio gehiagorako: Egaz Txorierri (944 536 370) eta Lanbide (945 160 600 eta 630 305 452).