2.300 kultura-produktu eskuragarri, Durangoko Azokaren online dendan

Aikor aldizkaria 2020ko abe. 4a, 09:14

Gaur Durangoko Azokaren 55. edizioa hasiko da, eta Landako Gunean erakusmahairik egongo ez den arren, aretoa ez da hutsik egongo, bertan sortu baira online dendaren biltegia. Abenduaren 4tik 8ra arte, 2.300 kultura-produktu eskuratu ahalko dira www.durangokoazoka.eus webguneko denda digitalean.

Liburuak, diskoak, ikus-entzunezkoak, papergintza… Aurreko urteetan erakusmahaietan topatu diren produktuak salgai ipini dira webgunean. Gainera, lehenengo mila eroslek “taupaDA! poltsa berezia doan jasoko dute erosketarekin batera. Biltegia ez ezik, kultura-jarduerak eta –ikuskizunak ere antolatuko dira Landako Gunean eta Plateruenan.   

Urtero moduan, Ikasle Goizak emango dio hasiera Durangoko Azokaren egitarauari. Aurten, ikasleek ikastetxetik jarraitu beharko diete haientzat sortutako ekintzei. Era berean, azokaren webgunean hainbat tailer izango dituzte eskura, hala nola bikoizketa-tailerra, ilustrazioa eta ipuingintza. Bestalde, Oihan Vega eta Oizeder Mayo kazetariek hainbat sortzaile elkarrizketatuko dituzte –Liher musika-taldea, Kai Nakai abeslaria eta Erika Elizari eta Aitor Arana idazleak, tartean –eta saioa streaming bidez ikusi ahalko da. DA! PRO ekimena ere izango da gaur goizean: 15 musika-taldek aurkezpenak egingo dituzte programatzaile eta teknikarien aurrean, euren lana bertatik bertara aurkezteko.

Inaugurazio-ekitaldia arratsaldeko 6etan egingo da Landako Gunean. Hura Xabier Madariagak gidatuko du eta ekitaldian Eñaut Elorrietak, Kirmen Uribek eta Bagara dantza-taldeak hartuko dute parte. Erakunde publikoetako ordezkariak ere izango dira bertan. Ohikoa denez, eguna Plateruena Kafe Antzokian amaituko da: Kai Nakai abeslari gasteiztarrak –iaz sormen-beka irabazi zuen– Baimenik gabe bere lehen diskoa aurkeztuko du 19:30etik aurrera.

Ekitaldi guztiak streaming bidez eskainiko dira www.durangokoazoka.eus webgunean eta hurrengo egunetako ekitaldietarako sarrerak ere bertan erreserbatu daitezke.   

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).