Gabonetako ekintzak, osasun- eta segurtasun-neurrietara egokituta

a: Sondikako Udala 2020ko abe. 21a, 13:29

COVID-19ak eragindako osasun-alarmak ohiturak eta jokabideak aldatzera behartu gaitu eta Gabonak ez dira salbuespena izango. Pandemiaren bilakaerak planak hondatzen ez baditu, erakundeek eta elkarteek ekitaldiak antolatu dituzte datozen egunetarako; hori bai, aurreko urteetan baino ekitaldi gutxiago egongo dira eta zorrotz jarraitu beharko diegu osasun-eta segurtasun-neurriei, guztion osasuna bermatzeko.

Sondikako umeek, esaterako, hitzordua eskatu behar izan dute Olentzero eta Mari Domingi agurtu ahal izateko. Orotara bost txanda antolatu dira Erretiratuen Etxean, ume guztiek pertsonaia magikoekin euren nahiak partekatu ditzaten. Loiun, bestalde, txanda bi egongo dira eta familiek bihar arte deitu ahal dute 944 712 310 telefono-zenbakira, Olentzeroren eta Mari Domingiren saski magikoan gutuna uzteko.

Derion, Gabon solidarioak ospatuko dituzte aurten. Urtarrilaren 10era arte zenbait ekitaldi egingo dira bertan eta bakoitzak hiru euro balioko du; batzen den dirua herriko elkarte bati emango diote. Sarrerak www.deriokoudala.net webgunean ipini dituzte salgai. Beste alde batetik, Olentzerok eta Mari Domingik sorpresa emango diete derioztarrei abenduaren 23an eta, hori dela eta, herritar guztiei eskatu diete egun horretan 20:30ean etxean egoteko. Zamudion ere ekintzak antolatu dituzte, hala nola ipuin-kontalaria eta tailer teknologikoak. Ekintza guztiek edukiera mugatua dute eta beharrezkoa izan da aldez aurretik izena ematea. Halaber, herriko umeek Olentzero eta Mari Domingi agurtzeko aukera izango dute abenduaren 24an; horretarako, lau txanda antolatuko dira frontoian. Izena ematea www.zamudio.eus webgunearen edo ADI Zamudio aplikazioaren bidez egin behar da.

Aurten, Olentzero eta Mari Domingi ezin izango dira Lezamatik kalejiran irten. Hala ere, abenduaren 24an umeak agurtuko dituzte frontoian, 18:00etatik aurrera. Gaur liburutegian umeentzako opariak uzteko azken eguna da: zenbat opari dauden, frontoian zenbat lagun batuko diren jakingo da, eta beharrezkoa bada, txanda bi egingo dituzte segurtasun- eta osasun-neurriei jarraituta. Era berean, ahal dela, urtarrilaren 4an eta 5ean Umeen Gabonetako Parkea atonduko dute frontoian, baina horrek formatu berezia edukiko du eta, besteak beste, umeentzako tailerrak eta ipuin-kontalariak egongo dira egoerara egokituta.

Pandemiaren eraginez, Larrabetzuko Kultur Bilguneak bertan behera utzi behar izan ditu ekitaldi batzuk, adibidez, abenduaren 25ean ospatu ohi duten bertso-saioa eta Gabon Zaharreko kotilioia. Olentzeroren eta Mari Domingiren Bila ekintza egokitu behar izan dute, eta abenduaren 24an saio bi egingo dituzte frontoian, aldez aurretik izana emanda, herriko ume guztiek pertsonaia magikoak agurtu ditzaten. 

 

Egitarauak

 

Sondika

Abenduak 21, astelehena

17:00-20:00 Olentzerori eta Mari Domingiri gutuna ematea.

Abenduak 22, martitzena

16:00-20:00 Olentzerori eta Mari Domingiri gutuna ematea.

Abenduak 23, eguaztena

11:00- 14:00 eta 16:00-20:00 Olentzerori eta Mari Domingiri gutuna ematea.

Abenduak 24, eguena

11:00-14:00 Olentzerori eta Mari Domingiri gutuna ematea.     

Urtarrilaren 22ra arte

Gabonetako postal-lehiaketaren lanak erakusgai, Kultur Aretoa In. 

 

Loiu

Abenduak 24, eguena

10:00-13:00 Olentzero eta Mari Domingi, Larrondoko pilotalekuan.

16:00-19:00 Olentzero eta Mari Domingi, Zabaloetxeko pilotalekuan.

 

 

Lezama

Abenduak 24, eguena

Olentzero eta Mari Domingi.

Urtarrilak 4, astelehena

11:30-13:30 eta 17:00-20:00 Umeen Gabonetako Parkea.

Urtarrilak 5, martitzena

11:30-13:30 eta 17:00-20:00 Umeen Gabonetako Parkea.  

 

Larrabetzu

Abenduak 23, eguaztena

15:30 Olentzeroren eta Mari Domingiren bila, plazan

Abenduak 24, eguena

16:30 eta 18:00 Olentzero eta Mari Domingi, frontoian.

Abenduak 26, zapatua

18:00 Lau (Salto! Sorkuntzak) umeentzako antzezlana. Hori Bai gaztetxean.

Abenduak 27, domeka

18:00 eta 19:45 Pettiren kontzertua, Hori Bai gaztetxean.

Abenduak 29, martitzena

18:00 Uhuri gautxoriaren uluak ipuin-kontalari musikatua,  Doro Zobaranen eskutik, Hori Bai gaztetxean.

Urtarrilak 3, domeka

18:00 Panpina antzelana, Erika Olaizolaren eskutik (Kamikaz kolektiboa), Hori Bai gaztetxean.

Urtarrilak 8, barikua

18:00: Kontzertuak: J Martina eta Sua, eskolako aterpean.

Urtarrilak 15, barikua

18:00 Okupazioaren gaineko hitzaldia, Hori Bai gaztetxean.

 

Zamudio

Abenduak 23, eguaztena

12:00 Hankaz Gora ipuin-kontaketa, Kultura Etxean.

Abenduak 24, eguena

16:00-19:10 Olentzero eta Mari Domingi, frontoian (lau txanda).

Abenduak 28, astelehena

09:00-14:00 NEGUTEK tailer teknologikoak. Robotika eta LEGO.

12:00 Ameli ipuin-kontalaria, Kultura Etxean.

Abenduak 29, martitzena

09:00-14:00 NEGUTEK tailer teknologikoak. Robotika eta LEGO.

10:30-13:30 Gabonetako apaingarrien tailerra, Kultura Etxean.

Abenduak 30, eguaztena

09:00-14:00 NEGUTEK tailer teknologikoak. Robotika eta LEGO.

10:30-13:00 Feltrozko elurretako panpinen tailerra, Kultura Etxean.   

Urtarrilak 2, zapatua

12:00 Jakoba Errekondorekin solasaldia; liburuak ere salgai. Nekazamudio azokan. Lagatzu euskara elkarteak antolatua.

 

Derio

Abenduak 22, martitzena

18:00 Olentzero kuttun ikuskizuna, Gurea Aretoan.

Abenduak 23, eguaztena

11:00 Olentzero kuttun ikuskizuna, Gurea Aretoan.

Abenduak 29, martitzena

19:00 Duo Boleros, Gurea Aretoan.

Urtarrilak 2, zapatua

19:00 Pop-rock kontzertua: Jarabe de Palo, Hertzainak, Nogen… taldeen abestiak. Gurea Aretoan.

Urtarrilak 3, domeka

18:00 Ipuin-kontalaria, Gurea Aretoan.

Urtarrilak 4, astelehena

18:00 Gambaran familientzako ikuskizuna, Gurea Aretoan.

Urtarrilak 8, barikua

19:00 Dos vascas y un destino antzezlana, Gurea Aretoan.

Urtarrilak 9, zapatua

18:00 Tor magoa, Gurea Aretoan.

Urtarrilak 10, domeka

18:00 Hankaz gora familientzako ikuskizuna, Gurea Aretoan.